Italiako Giroa

Landa, podiumetik gertuago

Erasora jo du arabarrak Giroko etaparik gogorrenean, eta Carapazek eta Hindleyk eutsi diote bakarrik. Ekuadortarrak eutsi egin dio lidertzari, eta garaipena Hirtentzat izan da, ihesaldia Apricako helmugaraino eramanda  

enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 24a
18:02
Entzun

Italiako Giroko indartsuenen artean dago Mikel Landa (Bahrain). Hala berretsi du gaur, Salo eta Aprica lotu dituen etapan. Aurtengo saiorik bortitzena izan da, ibilbide aldetik bederen: Cadino, Mortirolo, Teglio eta Santa Cristinako igoerak kateatu dituzte 202 kilometroan, eta zangoetan 5.300 metroko desnibela pilatu. Torinon itolarria izan zuen murgiarrak, baina gaur berpiztu egin da, arnasa luzeko ahaleginean. Lanean jarri du taldea, eta oldartu egin da azken mendatean. Soilik Richard Carapazek (Ineos) eta Jai Hindleyk eutsi ahal izan dute haren gurpilean. Joao Almeidak (UAE), berriz, hamalau segundo galdu ditu. Hau da: Landak hamabost segundo eskasera du orain nagusiko hirugarren postua. Gorenean Carapazek jarraitzen du, baina Hindley hiru segundora hurbildu zaio, gainsariei esker.

Etapa, nolanahi ere, ez dute faboritoen artean jokatu. Ihesean erabaki da, eta Jan Hirtek (Intermarche) dastatu du loria, Thymen Arensmanekin (DSM) azken unera arte borroka agonikoa izan ondoren. Txekiarrak bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du, eta jarraipena eman dio Intermarche taldea osatzen ari den denboraldi txundigarriari. Guztira 21 txirrindularik egin dute ihes Cadinon, eguneko lehen igoeran, eta zazpi gelditu dira buruan Mortirolora iritsi aurretik. Tartean ziren Hirt eta Arensman, baita Alejandro Valverde (Movistar) eta Lennard Kamna (Bora) ere. Galbahera igaro ezinda gelditu dira, berriz, Guillaume Martin (Cofidis), Wilco Kelderman (Bora), Simon Yates (Bike Exchange) eta Giuilio Ciccone (Trek), besteak beste. Santa Cristinan erabaki da etapa, eta Hirt izan da indartsuena, atzetik aurrera eginda. Bukaeran estutu egin du Arensmanek, baina zazpi segundora geratu da.

Onenen arteko lehiak ere azken mendatean egin du eztanda. Aurrez, soka tenkatzen saiatu da Vincenzo Nibali (Astana), Mortirolon behera, baina ez da urrunera heldu. Bahrain taldea jarri da gidari etaparen azken zatian, Landaren erasoa prestatu nahirik. Abiatu da arabarra, baina aurrez, katigatu egin da Pello Bilbaorekin (Bahrain). Hark ordaindu egin du gero multzora itzultzeko egin behar izan duen esfortzua. Landa, ordea, pedal-kolpe sendoa erakutsi du, eta mokoka aritu da Carapaz eta Hindleyrekin. Itxuraz, australiarra zegoen freskoen. Esprintean, gailendu egin zaie Carapaz, Valverde eta Landari. Hirt iritsi eta 1.24ra helmugaratu dira haiek. Landak seigarren egin du. Bilbao, berriz, 11. izan da, 3.23ra.

Mendiko beste etapa erabakigarri bat jokatuko da gaur, Ponte di Legno eta Lavarone artean. Aparteko zailtasunik ez dute lehen 120 kilometroek, baina bukaeran lehen mailako bi mendate igoko dituzte: Valico del Vetriolo eta Monte Rovere. Azken zortzi kilometroak sasi ordekan egingo dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.