Errefuxiatuak

Greziako errefuxiatu esparruetako umeak Euskal Herrira ekartzeko ekinbidea ondu dute

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek «igarobide seguruak» eskatu dituzte han diren migranteentzat. Osasun arazo larriak dituzten umeak ekarri nahi dituzte.

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteetako kideak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 25a
16:47
Entzun

Greziako errefuxiatu esparruetan osasun laguntzarik eta elikadura duinik gabe bizi dira ehunka haur. Horietako asko egoera oso zaurgarrian daude, osasun arazo larriekin. Ohartarazpena sarritan egin dute migranteekin lanean ari diren elkarteek, tartean MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. Gobernuz kanpoko erakunde horrek emandako datuek ematen dute egoeraren neurria: 2020. urtean Moriako kanpalekuan bizi ziren 140 umek osasun arazo larriak zituzten. Urtebete geroago egindako beste txosten batean are datu kezkagarriagoak eman zituen: 120 haur beren buruaz beste egiten saiatu ziren Greziako errefuxiatu eremuetan.

Gaur egun ere «oso larria» da Greziako kanpalekuetan bizi diren haurren egoera, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek gaur ohartarazi dutenez. Bi elkarteek prentsaurrekoan jakinarazi dute instituzioei eskatuko dietela Europan «igarobide seguruak» zabaltzeko haur horiek Euskal Herrira ekartzeko. Xede horri helduta ekinbidea ondu dute bi elkarteek, eta erakunde, alderdi eta gizarte eragileen artean atxikimenduak biltzeari ekin diote. Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko talde batzuekin bildu dira ekinbidearen berri emateko, eta gutuna bidali diote Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari.

Arantxa Gutierrez Paz eta Agustin Gorbea elkarteko kideek jakinarazi dute asmoa dela Greziako errefuxiatu esparruetan osasun arazo kronikoak direla medio egoera kalteberenean dauden umeak «bermeekin» ekartzea, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute Europako Batasuneko herrialdeetatik Euskal Herrira iristeko «bidea erraztea». Osasun arazo larriak dituzten «25-40 ume inguru» ekarri nahi dituzte, hemengo erakundeek «maila guztietako harrera eta laguntza» eskaini ahal izateko.

Azaldu dutenez, Ukrainako gerratik ihes egin eta Europan asiloa eskatzen ari diren pertsonei Europako Batasunak eskaintzen dien harrera bera nahi dute beste herrialdeetako migranteentzat. «NATOk eta AEBek sortzen dituzten gerretatik ihes egiten ari dira, baina EBk mugak ixten dizkiete, itsasoetan hiltzen uzten dituzte... Europako agintariak ekintza kriminalak egiten ari dira. Kriminal batzuk dira», salatu dute. «Borondatea» eskatu dute konponbideak bilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.