Italiako Giroa

Bouwman nagusi baleko beste ihesaldi batean

Jumbo Vismakoa bigarrenez gailendu da Giroan, eta oilarrek ez dute ia imintziorik ere egin. Carapazek jarraitzen du lidertzan.

jarraia213965.jpg
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 27a
18:36
Entzun

Hiru guztien gainetik. Eta hirurak elkarri ihes egin ezinik. Gidoi hori izan du orain arte Italiako Giroak, eta gaur ez da bestela izan, Marano Lagunare eta Castelmonteko santutegia lotu dituen 19. etapan. Mendiko azken-aurreko saioa izanagatik, apenas mugitu diren Richard Carapaz (Ineos), Jai Hindley (Bora) eta Mikel Landa (Bahrain). Eman baino, nahiago izan dute indarrak gorde. Oso bukaerarako utzi dituzte erasoak, eta batera helmugaratu dira berriz ere. Elkarren artean kateatuta daudela dirudi. Aldiz, aske, loturarik gabe dabil Koen Bouwman (Jumbo Visma), tropeletik ihesi. Eta etekin handia atera dio gaurko jardunari: bigarren etapa garaipena lortu, eta oso puntu baliotsuak bildu ditu mendiko sailkapenerako. Ezbeharrik ezean, berea du maglia urdina.

Giro honetan bederatzigarrenez, alde egindako ziklista bat iritsi da azkarren helmugara. Eta ez hori bakarrik: aste honetako etapa guztiak erabaki dira ihesean. Gaur, Bouwman izan da indartsuena hamabi lagunek tropelari aurrea hartuta osatu duten multzoan. Erabateko baimena eman diete bidea egiteko. 11 minuturaino eraman dute aldea, hasiera batean. Ineosek muzin egin dio aginte makilari, eta ia behartuta, Bora taldeak jarri behar izan du lanean. Interesa izan zezaketen ihesaldia harrapatzeko, helmugako gainsariak gogoan, baina ez: trostan eraman dute multzo nagusia.

Txirrindulariak Eslovenian sartu dira. Kolovrat igo dute han (10,3 kilometro eta %9,2ko pendiza), helmugarako 50 kilometroren faltan. Min handia egiteko moduko mendatea zen, baina onenek ez dute zirkinik ere egin. Gurpilean iraun dute denek, maldan gora nahiz ondorengo jaitsieran. Ihesaldia, berriz, aletuz joan da, eta lau txirrindulari iritsi dira gailurrera: Bouwman bera, Mauro Schmidt (Quick), Attila Valter (Groupama) eta Alessandro Tonelli (Bardiani). Jaitsieran Andrea Vendrame (Ag2r) batu zaie.

Bukaeran erabaki da dena, Castelmonteko santutegiko igoeran (7,1 kilometro eta %7,8). Aurrekoak azken hiru kilometroetan hasi dira erasoka. Bouwman, Schmidt eta Valter ziren ahaltsuenak maldan gora, baina eutsi egin diete Tonellik eta Vendramek. Bihurgune txarra zegoen azken zuzengunearen aurretik, eta Bouwmanek hartu du aurrena, arriskuak hartuz. Bidea itxi dio Schmidti, eta hark balazta sakatu behar izan du. Esprinta guztiz baldintzatu du momentu horrek. Halere, epaileek herbeheretarrari eman diote garaipena. Bigarren Schimdt izan da, eta hirugarren Tonelli.

Hautagaiak ia lau minutu geroago iritsi dira. Sailkapenean ez da aldaketarik izan: Carapazek jarraitzen du lidertzan, Hindleyrekiko hiru segundoko aldearekin. Landa hirugarren dago, 1.05era; atzetik Vincenzo Nibali (Astana) du, 5.53ra; eta bosgarren postuan Pello Bilbao (Bahrain) dago, 6.22ra. Biharko etapak lurrikarak eragin ditzake, San Pellegrino, Pordoi eta Marmolada kateatuko baitituzte. Mendiko azken etapa izango da, igandeko erlojupekoaren aurretik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.