HONDAKINAK

Uraren Agentziak oniritzia eman dio Lezaman zabaldu nahi duten zabortegiari

Hondakindegiak 4 milioi metro kubikoko edukiera izango luke, Zaldibakoak halako bi. Udala eta eragile ekologistak proiektuaren aurka agertu dira

jarraia214046.jpeg
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 30a
12:43
Entzun

Zaldibarko hondamendiaren ondoren, Uraren Euskal Agentziak egingarritzat jo du enpresa pribatu batek Lezaman (Bizkaia) egin nahi duen hondakinen balorizaziorako egitura. 4 milloi metro kubikoko edukiera izango du —Zaldibarkoa zabortegiarena halako bi—. Hain zuzen, Uraren Agentziak hilaren hasieran kaleratutako txosten batean dio «potentzialki» baimena emateko modukoa dela proiektua, uraren kudeaketari dagokionez beharrezko baldintza guztiak betetzen dituelako. Udala eta herriko zenbait eragile, ordea, aurka agertu dira.

Zabortegia Ganguren mendiaren magalean dauden lurretan kokatzeko asmoa dauka enpresak, eta 40 hektarea hartuko dituela aurreikusten da. El Correo egunkariak zabaldu duenez, 2020. urte amaieran erosi zituen lurrak Promociones Zubiaurre 2004 izeneko enpresak. Ordura arte, 6.000 euro inguruko kapital soziala baino ez zeukan, baina garai hartan hainbat aldaketa egin zituen: 686.000 euroraino igo zuen bere kapitala, kokalekua aldatu zuen, eta baita jabea ere. Horrez gain, «hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako eta deuseztapenerako» enpresa gisa izenpetu zen erregistroan.

Aldaketa horien ondoren egin zuten hondakindegiaren aurreproiektua, eta Uraren Euskal Agentziari aurkeztu zioten. Orduko hartan egin zuen Uraren Agentziak lehen txostena; bertan, azken txostenean egin duten gisan, agentziak baieztatu zuen uraren kudeaketako legeak betetzen zituela.

Lezamako Udala ez da bat etorri Uraren Euskal Agentziarekin. Izan ere, haren arabera, proiektuak ez ditu Lezamako hirigintza planaren baldintzak betetzen, eta, beraz, ez da bideragarria. Hain zuzen, Uraren Agentziak egindako lehen txostena kaleratzearekin batera, udalak, «aho batez erabakita», Ingeotyc S.M. enpresari eskatu zion azpiegitura horren bideragarritasunari buruzko irizpen tekniko bat egiteko. Lezamako udal taldeak azaldu zuenez, irizpen horren arabera proiektua «bateraezina» da: «Azterketa egin ondoren, irizpenak azaltzen du ezaugarri horiek dituen eraikuntza bateraezina dela proposatutako kokalekuarekin, besteak beste lurraldearen antolamenduko, plangintzako edo ingurumen legeriako hainbat arau bete ez direlako». Gauzak horrela, udaleko osoko bilkurak adierazpen instituzional baten bidez proiektuaren gaineko gaitzespena adierazi zion Jaurlaritzari, eta Uraren Agentziari ere eskatu zion Ingeoyc enpresak egindako txostena kontuan hartzeko. Eskaera horren harira argitaratu du agentziak bigarren txostena, duela aste batzuk.

Lezama Bizirik talde ekologista ere hondakindegiaren aurka agertu da. Udala aurka izanda ere, ordea, posible izango luke Jaurlaritzak proiektua baimentzea, Tapia legearen bidez. Hala ere, oraindik ingurumenarekin eta bestelako baldintzekin lotutako baimenak eman beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak proiektuak aurrera egiteko, eta, erakundeak esan duenez, oraindik ez zaio halako baimenak emateko eskaerarik iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.