ACB liga

Baskonia, finalerdietan

Valentzian irabazi du hirugarren partida erabakigarrian. Real Madrilen aurka ariko da orain, ostegun gauean hasita.

jarraia214059.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 30a
23:31
Entzun

Bitci Baskoniak egin behar zuena egin du inork uste ez zuenean: ACB ligako finalerdietarako sailkatu da, Valentzian partida erabakigarria irabazi eta gero atzo gauean. Kale edo balekoa zen: irabazlea, aurrera. Denboraldi honetan, honelako partidetan ez da batere trebe ibili taldea, eta ikusita kanporaketako bigarren partidan aurkaria baino dezente eskasagoa izan zela, ezustetzat ere har daiteke atzoko emaitza.

Bazen beste datu edo egoera bat ere kontra zeukana Gasteizko taldeak. Sasoi osoan ibili duen gurutzea eta zama: jokalari multzo hau gobernaezina dela ari da erakusten. Leunago esanda, heldutasuna falta zaiela jokalariei, gaztetasunagatik edo. Atzo irabaztea baino ezuste handiagoa izan zen irabazteko bidea: agintea erakutsi zuen Neven Spahijaren taldeak, jokatzen jakitea, erritmoaren jabe egitea, eta hitz batean esanda, partida itsustea edo gehien komeni zitzaion jokora eramatea. Pentsaezina orain arte. Baina inoiz ez omen da berandu, eta garai onean dator metamorfosia. Etzi hasiko ditu finalerdiak (bost partidetara), Real Madrilen etxean, eta, atzokoa ikusita, hau da kolpean etortzen den galdera: zergatik ez?

Antzeko zerbaiten gainean ibili zen atzo taldea. Sinetsi egin zuen. Sinesten segitu zuen. Beharko. Izan ere, aurreneko laurdena nola joan zen ikusita, oporretarako bidean zen. 21-9 bukatu ziren lehen hamar minutuak. Jokorik ez, erabaki okerrak erasoan, errebotean desagertuta... Denboraldi osoan gehiegitan azaldu den Baskonia. Baina sinetsi beharra zegoen. Azkena zelako. Azkena zutelako ziurrenik, jokalariek eta entrenatzaileak segi zuten sinesten. Bigarren laurdenean gainera joan zitzaion etxeko taldeari. Honela edo horrela, baina gainera. Erreboteak Baskoniaren aldera erortzen hasi ziren, etxekoek hirukoetan ezin asmaturik zebiltzan artean ere, eta tantaka-tantaka bete zuen saskiratzeen putzua Baskoniak. Galtzen atsedenaldira, baina hirugatik bakarrik (37-34).

Gero etorri zen denboralea. Taldea defendatzen hasi zen, serio, elkarri laguntzen, eta horrek aukera eman zion kontraerasoan saskiratze eder askoak eta errazak sartzeko. Berdinduta amaitu zen, hala ere, hirugarren laurdena. Dena zegoen erabakitzeko. Etxekoek bazuten nahiko lan, eta Martin Hermansson joko antolatzailearen lesio ustez larriak ez zien lagundu. Bitartean, Baskoniak eraginkortasuna gehitu zion erasoko menuari, eta, atzealdean tinko eutsiz, lehortu egin zuen etxekoen iturria. Bitxikeria: Baskoniak Valentzian jokaturiko hiru partidak irabazi ditu sasoi honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.