Salaketa

Hendaiako jatetxe bateko jabea epaituko dute beloa zeraman emakume bati sartzea ukatzeagatik

Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu da emakumearen semeak grabaturiko bideoa. Bere jatetxean «historiaurrean bezala jantzita» sartu nahi izatea leporatu zion ostalariak.

Emakume batzuk, hijab edo buruko zapiarekin. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 2a
20:10
Entzun

Baionako epaitegira eraman dute gaur Hendaiako (Lapurdi) jatetxe bateko jabea, «erlijioan oinarrituriko diskriminazioa» leporatuta.

Joan zen igandean, Lapurdiko herriko hondartzako pasealekuko jatetxean, emakume bati sartzea galarazi zion, haren jantziarengatik. Izan ere, emakumeak beloa zeraman jantzita.

Emakumearen seme Nabil Allaouik grabaturiko bideoa bolo-bolo ibili da sare sozialetan. Jatetxeko jabea ageri da, amari eta semeari azaltzen ezin zirela sartu «historiaurrean bezala jantzita».

Ostalariak, gurutze handi bat lepotik zintzilik. «Zuk hori emateko eskubidea baduzu, zer arazo dago beste horrekin?» galdetzen dio semeak, beloa seinalatuta. Allaouik azaldu du lekua hartua zutela jatetxean, aurreko astetik.

Baionako auzitegian, fiskaltzak eskatu du ostalaria auzitara eramatea, eta epaiketa irailaren 20an egitea erabaki dute. Halako delituengatik bost urteko kartzela zigorra eta isun bat ezar dezakete epaitegiek. France Bleue Pays Basque irratiak zabaldu duenez, ostalaria egon da lehen ere halako gertaeratan nahastuta, baina ez dute inoiz epaitegietan salatu.

Amandine Boyer prokuradore ordezkoak esan duenez, «halako diskriminazio kasuak frogatzea oso zaila izaten da normalean, baina oraingo honetan oinarri sendoa dagoela ematen du».

Bideoan ez da ikusten nolakoa den emakumearen beloa, baina, Allaouik Sud Ouest egunkariari azaldu dionez, ez zen «oso nabarmena»: aurpegiaren inguruan loturiko zapi bat besterik ez, ezer ezkutatzen ez zuena.

Salaturiko ostalariak ere azalpenak eman ditu hedabide berean: «Erlijioa bada ere, ez dut onartzen emakumearen menpekotasunaren tresna eman dezakeen ezer. Neure etxera nahi duena etortzen da, baina askatasun osoz. Emakumeak beloa kendu nahi zuen, baina semeak esan du ezetz».

Parisek 2010eko urrian ezarritako legearen arabera, debekatuta dago jendaurrean aurpegia ezkutatzeko janztea. Halere, aurpegia estaltzen ez duen zapia —hijaba— eramatea baimenduta dago, ez bada ikastetxeetan. Hor ere, bestelako ikur erlijiosoak galarazita daude, tartean sikhen turbanteak, juduen kippak eta gurutze kristau handiak.

Allaouik zabalduriko bideoan, jatetxeari boikot egiteko dei egiten du, eta ostatuak ehunka balorazio txar izan ditu Interneten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.