Biktimak

Memoria Gara plataformak musika eta memoria uztartuko ditu igandean Gasteizen

'M3moria Bermut Musikatua' lelopean, musikak «memoria kolektiboari» egiten dion ekarpena nabarmenduko dute. Martxoaren 3ko oroimenezkoa eraikitzeko prozesuak «blokeatuta» segitzen duela salatu dute.

Josu Santamarina, Nerea Martinez Aranburuzabala eta Andoni Txasko, gaurko agerraldian. MEMORIA GARA
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 7a
12:00
Entzun

Musika eta oroimena uztartuko dituen saio berezi bat antolatu du Memoria Gara plataformak igande honetarako, Gasteizen. Kulturak —eta musikak bereziki– «memoria kolektiboari» egiten dion ekarpenaren balioa nabarmendu nahi dute saioarekin. M3moria Bermut Musikatua lelopean antolatu dute saioa, eta 12:30ean izango da, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. La Excavadora, Don Inorrez, Pasadena, Mice eta El Callejon de Cachan taldeek parte hartuko dute. Ikuskizuna doan izango da.

Gaur eman dute horren berri, agerraldi batean. Josu Santamarinak eta Nerea Martinez Aranburuzabala Memoria Garako kideek azpimarratu dute azken hamarkadetan abesti askotan salatu dela 1976ko sarraskia. «Kultur ondare handi horrek herriko memoria elikatu du, eta omenaldia egin nahi diogu musikak martxoaren 3ko oroimen hori bizirik mantentzeko egin duen ekarpen handiari», adierazi dute. Haien ustez, martxoaren 3ko memoriaren alderdi horrek berebiziko garrantzia du San Frantzisko elizan memoria espazioa sortzeko prozesuari begira. Adierazi dutenez, Lluis Llach musikariaren Campanades a morts kanta ospetsua da ezagunena, baina badira beste hamaika abesti: zehazki, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin lotura duten 37 abesti dokumentatuta daude. Zerrenda horrek datorren urteetan hazten jarraituko duela ziurtatu dute.

Oroimenezkoa, geldirik
Martxoaren 3ko gertakarien memoria gordetzeko eraiki nahi duten oroimenezkoari dagokionez, Andoni Txasko Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko bozeramaileak adierazi du proiektua «blokeatuta» dagoela oraindik ere. «Ez dugu inolako berririk izan jarraituko duen metodologiari buruz», salatu du. Uste du beharrezkoa dela lankidetza formula bat adostea, lan metodologiak ezartzeko eta gunea sortzeko prozesuan Martxoak 3 elkarteari eta Memoria Gara plataformari «ikusgaitasuna» emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.