Indarkeria matxista

Bilbon gizon bat atxilotu dute emaztea hiltzen saiatzea egotzita

Apirilaren 30ean gertatu zen erasoa: bikotekidea eta andrearen alaba bizi ziren lokalari su eman zion gizonak; ospitalera eraman behar izan zuten emakumea, larri, baina hobera egin du ordutik. Feministek elkarretaratzera deitu dute biharko.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat, Bilbon, urtarrilean. MARIOL RAMIREZ
2022ko ekainaren 7a
22:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Bilbon 36 urteko gizon bat atxilotu dutela bere bikotekidea hiltzen saiatzea egotzita. Erasoa iragan apirilaren 30ean izan zen, Atxuri auzoan: Ertzaintzaren arabera, gizonak su eman zion bikotekidea eta emakumearen alaba bizi ziren lokalari. Andrea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, larri, baina, Segurtasun Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, hobera egin du ordutik, eta ez dago hasieran bezain larri. Ertzaintzak azaldu duenez, ikerketak azaleratu du gizonak nahita piztu zuela sua, propio joan zela andreak eta haren alabak zuten bizilekura horretara; atzo atxilotu zuten.

Bilboko Udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute gaur, erasoa «irmotasun osoz» gaitzesteko eta samina agertzeko: «Erasoak giza eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar». Herritarrak deitu dituzte «edonolako eraso sexistei aurre egitera» eta halakoen aurrean «tolerantziarik ez agertzera». Biktimei babesa adierazi diete, eta udala herri akusazio gisa aurkeztuko dela iragarri dute.

Kalamiak talde feministak, bestalde, erasoa kalean gaitzestera deitu du: elkarretaratze bat egingo dute bihar, 18:30ean, Enkarnazio plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.