Elkargoak proposatu du eraso sexisten biktimentzako harrera guneak jartzea festaguneetan

Festetan indarkeria matxistari aurre egiteko lehen protokoloa ondu du erakundeak. Jaien antolakuntzan nahiz jai egunetan isla izatea nahi dute. Ipar Euskal Herriko 158 herrietara bidali dute.

Baionako bestak, artxiboko irudi batean. BOB EDME
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 8a
15:10
Entzun

Udako festen atarian, jaietan eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat ondu du Euskal Hirigune Elkargoak, lehenengoz. Festen prestakuntzan eta festa egunetan bertan eragin nahi dute. Dagoeneko Ipar Euskal Herriko 158 herriei helarazi diete. Hainbat gomendio eman dizkiete antolatzaileei; besteak beste, eraso matxistaren bat jasan dutenentzat harrera guneak jartzea.

Festen antolakuntzatik bertatik hartu nahi dute hizpide gaia. Haien hitzetan, antolaketa bilkuretako gai zerrendan sartzeak berak «prebentzioa egituratzen» laguntzen du, baita biktimaz eta erasotzaileaz «arduratzen» ere. Hori horrela, aholkatu dute festan parte hartuko duten eragile guztien artean festara egokitutako «dispositibo bat» sortzea. Eta prestatutakoa gizarteratzea: «Antolatzaileek bortizkeria sexual eta sexisten kontrako dispositiboa aurkezten duen komunikazio kanpaina bat antolatuko dute, parte hartzaileak erasoen seinalatzeko baliabideez jakinean izan daitezen eta babestuak izan daitezen».

Antolakuntzarako jarraibideak ez ezik, festa garairakoak ere zehaztu dituzte, lau ildoren inguruan: informazioa, zaintza, biktimen harrera gunea eta biktimen lekukotasuna biltzea. Informazioari dagokionez, afixak jartzeko eskatu dute, herritarrak sentsibilizatzeko, zigorrez ohartarazteko, arduratsu jokatzera gonbidatzeko eta «zailtasunetan den pertsonari» laguntza eskaintzeko. Gainera, proposatu dute kolore jakin batez identifika daitezkeen pertsona batzuk jartzea festaguneetan, besteak beste «segurtasunaz arduratuko direnak» eta haien presentziari esker «lasaigarriak liratekeenak».

Erasoa gertatu osteko uneei ere erreparatu asmo diete. Biktimentzako harrera guneak jartzea nahi dute, haiei «babesa» emateko, «lasaitzeko», eta erasotzailea identifikatzeko balio dezaketen lekukotasunak bilatzeko. Gainera, biktimaren lekukotasuna ere bertan jasotzea nahi dute, haiei entzuteko nahiz prozedura judiziala eta salaketa prozedura jakinarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.