Euskara

Zupiriak euskararen alorrean ituna egitea proposatu du, hezkuntzan lortutakoaren «antzekoa»

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana «hizkuntza politika berriak» finkatzeko baliatu nahi du sailburuak. Aditu talde batek gidatuko du prozesua, azaldu duenez. Aurten iraungiko da orain arteko plana.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 17a
17:53
Entzun

Hizkuntza politikak hizpide izan ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Hizkuntza politika berriak behar direla dioen diskurtso hedatuari heldu dio, eta eskaera horri ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planean erantzun behar zaiola proposatu: «Behin eta berriro entzuten ari gara hizkuntza politika berriak finkatu behar direla datozen urteetarako. Beste hainbatek esan du hezkuntzaren arloan lortutako oinarrizko hitzarmenaren antzeko itun bat behar duela euskararen sustapenak. Bada, egin dezagun. Badaukagu zer egina eta badaukagu non egin: datozen hamar urteetan Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu behar dugu. Eztabaidatu eta adostu dezagun datozen urteetan euskara sustatzen jarraitzeko bidea».

Sailburuaren esanetan, «ona» da euskarari buruz hitz egitea, baita «ahots kritikoz» egiten denean ere. «Ongi etorria izan bedi kritika, euskarekiko erantzukizunetik eta atxikimendutik bada», adierazi du. Maialen Gurrutxaga alderdikidearen galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Zupiriak. Indarrean dagoen ESEP planari buruzko asmoez galdetu dio Gurrutxagak. Izan ere, 2012an onartu zuen plan hori Patxi Lopezen gobernuak —Iñigo Urkullurenak berretsi egin zuen, 2013an—, eta aurten iraungiko da. «Ebaluazioa egitea» eta «datozen hamar urteetarako oinarriak erabakitzea» dagokiela esan du sailburuak eta konpromiso hori jasoa dutela gobernu programan. Horretarako, Euskararen Aholku Batzordearen baitan prozesu horretarako batzorde bat sortu dutela azaldu du.

Xehetasun gehiago ere eman du, batzorde horri buruz. Adituz osatutako talde «anitza» dela esan du, «datozen urteetarako hizkuntza politika eraikiko duena» eta «diagnostiko on bat egiteko eta diskurtso on bat eraikitzeko gai dena». Erantsi du haren barruan «ikuspegi eta iritzi ezberdinak dituzten» pertsonak daudela, baina denek ere «motibazio bera» dutela: «Euskararen ezagutza erabilera eta prestigioa sustatzea, eta herritarron hizkuntza eskubideak beramtzea, elebiduna edo, hobe esan, gero eta eleaniztunagoa den ingurune batean». Halaber, lantaldeak ez ezik, «kanpoko eragileek» ere ESEP berritzeko prozesuan parte hartuko dutela nabarmendu du.

2022ra arteko planari hiru helburu estrategiko ezarri zizkioten: «Euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura». Horrez gain, euskararen aldeko motibazioan eta euskararen zabalkundea sustatzea ere aipatzen ditu. Helburu horiei begira, 13 lan lerro zehazten ditu: hiru helburu estrategiko definitzen ditu: euskararen jabekuntza; euskararen erabilera eta euskararen elikadura. Aldi berean bi zehar erro ere finkatzen ditu: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, gune geografiko euskaldunena, arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus-plangintza, hedabideak eta komunikazioaren teknologiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.