Migratzaileak

Gose greba hasi dute 'Aita Mari'-k erreskatatutako hainbatek

Helburua da portu seguru batean lehorreratzeko baimena lortzea. Itsasontzian 112 lagun daude, eta batzuek jada zazpi egun daramatzate bertan.

'Aita Mari'-ko kideak erreskate lanetan pasa den ostiralean. SMH
Paulo Ostolaza.
2022ko ekainaren 20a
13:13
Entzun

Zazpi egun igaro dira jada Aita Mari erreskate ontziak Mediterraneo itsasoan lehen 11 lagunak salbatu zituenetik, baina oraindik portu seguru batean lehorreratzeko baimenik gabe jarraitzen du. Ostiralean salbatu zituzten azken 45ak, eta denera 112 dira erreskatatuak. Migratzaile batzuek jada sei egun daramatzate ontzian, eta, presio egiteko asmoz, gose greba bat hastea erabaki dute. Ontziko kapitainak egin ditu portu seguru bat lortzeko tramiteak, baina ez du agintarien erantzunik jaso.

Aita Mari-k sare sozialetan azaldu du hainbat migratzaile lurrean lo egiten ari direla —ontziak, berez, ehun lagun inguru erreskatatzeko lekua du—, eta «arreta duina eta erantzun azkarra» merezi dutela. Ontzia Siziliako kostatik hogei kilometro ingurura dago, eta, printzipioz, ez du inor gehiago erreskatatzeko asmorik.

Borrokak eta istiluak

Erreskatatuen artean hainbat herrialdetako pertsonak daude (Marokokoak, Libiakoak, Eritreakoak, Etiopiakoak...), eta, Izaskun Arriaran Aita Mari-ko erizainak azaldu duenez, nabaria da haien arteko tentsioa. Atzo eguerditik hainbat borroka eta istilu izan dituzte ontzian: «Lau erreskate izan dira, eta kultura ezberdinetako jendea nahastu da misio honetan; benetan egoera gogorra bizitzen ari gara». Presio handia dutela nabarmendu du, eta erakundeei laguntza eskatu die beste behin.

Gose grebari dagokionez, gaur goizeko gosariari uko egin diote gehienek, eta bazkariarekin gauza bera egiteko asmoa dutela adierazi: «Migratzaileek diote ez dutela janaririk behar, portu seguru bat baizik», azaldu du Arriaranek.

Ekainaren 6an abiatu zenAita Mari Balearretatik Mediterraneo itsasora, eguraldi onarekin batera ugaritu egiten baitira Afrikatik irten ohi diren ontziak, sarri jendez gainezka eta baldintza kaskarretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.