Oporrak Euskal Herrian

Debabarrenean liluratu

Toki eder ugari ezagutu eta jarduera interesgarriak egin daitezke Debabarrena eskualdean

Lasturko errota. DEBEGESA
2022ko ekainaren 22a
15:27
Entzun

Asko dago ikusteko eta egiteko Debabarrenean: xarmaz beteriko herriak ikusi, ibilaldiak egin ingurune naturaletan, hondartza ederrez gozatu, gastronomia bikaina dastatu, museoak eta ondare industriala eta historikoa ezagutu... Bisitaria liluratu egiten da Debabarrenean.

Zortzi herri daude eskualde horretan: Eibar, Ermua, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze, Mendaro eta Mallabia. Informazio guztia www.debabarrenaturismo.com helbidean aurki daiteke.

Euskal Kostaldeko GeoparkeaDeba, Mutriku eta Zumaiako udalerrietan dago. Geologia da paisaia horretako protagonista, Lurraren historiako pasarterik zirraragarrienak gordetzen baititu flysch eta karst gisako geruza harrigarrietan. 2010etik, Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da, eta, 2015ean, Unesco erakundearen Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen, balio bereziko toki eta paisaia geologikoen garrantzia azpimarratzen duena.

Bisita gidatu interesgarri ugari egin daitezke Euskal Kostaldeko Geoparkean, oinez edo itsasontzi batean. Besteak beste, Karsteko zaporeak bisita gidatuaren bidez, paisaia karstiko bereziaren elementu nagusiak ikus daitezke, eta, Lastur familian bisitaren bidez, Lasturko auzoko errota zaharra ezagutu —XIV. mendeaz geroztik martxan dago—, eta, han artoa eho ondoren, irinaz taloa egiten ikasi eta jateko aukera izango dute bisitariek.

Halaber, geologian interesa dutenek sei geoibilbide dituzte aukeran: Algorri, Elorriaga, Sakoneta, Lapari, Olatz eta flyscharen ibilbidea.

Dolmenen Ibilbidea

Elgoibar, Soraluze eta Bergarako mendi berdeen artean, Dolmenen Ibilbidea izenaz ezagutzen den bide bat dago. Historiaurrera jauzi egin dezakete bisitariek, 11 kilometroan 19 monumentu megalitiko baitaude. Bisita gidatu baten bidez ezagut daitezke.

Eibarko Armagintzaren Museoa. DEBEGESA

Ondare industriala

Eskualdeko ondare industriala ezagutu nahi izanez gero, bisita gidatuak egin daitezke Eibarko Armagintzaren Museoan eta Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.