Athleticeko hauteskundeak

«Inkesta anonimoa da?»

Ia 40.000 bazkide daude deituta Athletic Clubeko hurrengo presidentea aukeratzeko. Parte hartzea %35ekoa izan da 17:00etan, 2018ko datua baino altuagoa (%27,7), baina 2011koa baino zeozer apalagoa (%36).

Goizetik joan da bazkide ugari Athletic-n hurrengo presidentea aukeratzera. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 24a
14:09
Entzun

Kazetari gazte bat futbol zelaiko irteerako atean: «Egun on, jauna, inkestatxo bat Herri Irratiarentzat: noren alde eman duzu botoa?». Aretxabaleta. Uriarte. Aretxabaleta. Barkala. Barkala. Hirukote batek, batera, «Uriarte». Beste batek: «Nik gazteari». «Anonimoa da? Bai?», esan dio barrezka neska gazte batek, oraindik sinistu barik: «Nik Barkalari».

09:00etan zabaldu dituzte ateak San Mamesen, eta bozetara deitutako ia 40.000 bazkideek hiru aukera dauzkate Athleticen hurrengo presidentea aukeratzeko: Ricardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta ala Jon Uriarte. Azken asteak beren programak eta proposamenak aurkezten eman dituzte hiru hautagaiek, eta horien arabera hartu dute erabakia hautesleek.

Iñaki Aretxabaletak hedabideei esan die atzo egin zuela berba Bielsarekin. «Zain dago; konfiantza du irabaziko dugula, eta burua Bilbon dauka dagoeneko». Hautagaiak adierazi du gaur dela bozkatzean «hunkitu» den lehenengo aldia. Ricardo Barkalari aurpegiratu dio Osasunako Jon Moncayolaren etete klausula ordaintzeko asmoa iragartzea. «Azken orduko hordagoa egitea zuhurtzia bakoa iruditzen zait. Presidente denak Moncayola kontratatu nahi badu, atzoko adierazpenek kalte egingo diote».

Ez du hala ikusi Barkalak. «Gure adierazpenak guztiz jakitun egin ditugu; jende serioa gara». Atzo esan zuen 22 milioiko klausula ordaintzeko prest dagoela, eta gaur adierazi du kontaktuak izan dituztela jada. Berretsi egin du kanpainan proposatutakoa, «filosofian sartzen diren jokalari onenak» ekartzeko asmoa. Barkalak azaldu du ez dela urduri egon, baina kanpaina «oso luzea» amaitzeko gogoz dagoela, eta «baikor».

Urduri egon da Jon Uriarte, ordea. «Atzo baino askoz gehiago». Goizeko 10:00etan bozkatu du. «Orain bazkideekin hitz egitera joango naiz. Batzuek oraindik galderak dauzkate, eta erantzun egingo diet». Oinez egin du bidea etxetik San Mamesera, maleta batekin. «Arropa aldaketa ekarri dut, izendapenerako».

Gizonezkoak eta familiak

Batez ere gizonak dira bozkatzera joan direnak, eta gehienak, helduak. Badaude, hala ere, familia eroan dutenak, edo senarra laguntzaile eroan duten emakumezko bazkideak. Beste batzuek, adinekoek, seme-alaben eta iloben laguntza behar izan dute bozkatzeko, eta horiek aulkian eroan dituzte hautetsontzietara.

«Nik zoroaren alde bozkatu dut, Bielsaren alde», adierazi dio Vicente Erdoizak BERRIAri. «Beste bi kanpainak penagarriak izan dira, eta proiektuak ere bai», gehitu du, haren ondoan, Aitor Vitasek. «Gainera, txarto egin dute Valverderen botoa zatitzen». Izan ere, Iñaki Aretxabaletaren proiektuan Marcelo Bielsa argentinarra izango da entrenatzailea, eta Ricardo Barkalarenean eta Jon Uriarterenean, Ernesto Valverde.

«Goizean hartu dut erabakia»

«Orain arte zer egin duten jakinda bozkatzea gustatzen zait niri, baina oraingo honetan ez da posible», esan du Mari Karmen Judimendik. Entrenatzaile biak ditu gustuko, eta hiru hautagaien proiektuak «oso antzekoak» direla iruditzen zaio. Atzo erabaki zuen botoa, baina ez du esan nahi izan.

Ez da kasu bakarra. Zalantzak izan dituzte bozkatzaile ugarik, eta askok eta askok esan dute atzo edo gaur goizean erabaki dutela botoa nori eman. Horietako bat da 43 urteko Egoitz Agirre. «Oraintxe bertan erabaki dut», esan du, euskal selekzioaren kamiseta soinean. Barkala eta Aretxabaletaren artean egon da, eta, azkenean, Barkala aukeratu du. «Uriarte ez zait gustatzen, ez haren jokaera, ez guztia aldatzeko asmoa duen haren proiektua ere. Athleticek ez du hainbeste aldatu behar». Zaila egin zaio erabakia, gurago zuelako Bielsa. «30 urtean egindako denboraldirik onena egin genuen harekin, baina Valverde ez da hain arriskutsua; sei urte ziurtatu zizkigun Europan».

«Gaur goizean hartu dut erabakia», kontatu du Begoñak —ez du abizenik eman nahi izan; 60 bat urte ditu—. Jon Uriarteri eman dio botoa, baina «berez» ez zeukan faboritorik hiru hautagaien artean. Bai, ordea, entrenatzaileen artean. «Gurago dut Valverde: gaurkotuago dago. Bielsa bizitzaren filosofo bat da».

«Barkala ez, Uriarte ez, bestea»

Deia eskuan zuela joan da San Mamesera Urbano Garcia, «seiehun eta laurogeita zeozergarren bazkidea». Telebilbaon ikusi ditu hiru hautagaien elkarrizketak, eta horren arabera erabaki du botoa; proposatu dituzten entrenatzaileek ez diote eragin. «Zelan dauka izena... Barkala ez, Uriarte ez, besteari eman diot botoa», esan du, irribarretsu. «Hori da, Aretxabaleta. Hiruretatik koherenteena iruditu zait».

21:00etan zarratuko dituzte hautetsontziak zuri-gorriek, eta 23:00-23:30ak aldera jakinaraziko dute zein den irabazlea. Hala ere, beste urte batzuetan baino jende gehiago joanez gero, baliteke zenbaketa gehiago atzeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.