Indarkeria matxista

Sopelako jaietan eraso bat pairatu dutela jakinarazi dute Virgin Mari DJ taldeko kideek

Aditzera eman dutenez, 15-16 urteko nerabeek egin zieten aurre, igandean; irainka hasi ziren, baina gero eraso fisikoak ere izan ziren. Ondorioz, musika taldeko kideek erabaki zuten bertan behera uztea emanaldia.

arantxa iraola
2022ko ekainaren 28a
20:59
Entzun

Sare sozialen bidez eman dute Virgin Mari DJ musika taldeko kideek erasoaren berri. Sopelako (Bizkaia) jaietan izan zen, joan den igandean. Kontzertua hasi zutenerako giroa nahasten hasia zela adierazi dute. «Guk hasieran ez genien garrantzi handirik eman, erasotzaileen adin tartea ikusita; beraz, guk gurera jarraitu genuen». Hain zuzen ere, aurre egiten ari zitzaizkienak 15-16 urteko nerabeak zirela zehaztu dute.

Jarrera horrekin ez zuten lortu, ordea, nerabeen jarrera baretzea. «Kontzertua hastear zegoela, gure taldekide bati objektu bat bota eta eman egin zioten», azaldu dute musika taldeko kideek. Eta behin emanaldia hasita oraindik ere gehiago gaiztotu zen giroa. «Dantzan hasi ginen momentuan eta gure show-aren parte den arropa aldaketan, erasoak gailendu egin ziren, gu deseroso sentiaraziz». Txistuak izan zirela esan dute, eta irainak: etengabe beren gorputza «sexualizatzeko» asmoz esandakoak zirela azaldu dute.

«Momentu horretatik aurrera, eraso fisikoak hasi ziren: izotzak, botila beteak, baloiak, plastiko gogorrak…», adierazi dute. Eten egin zuten kontzertua; erasoek bere horretan jarraitzen bazuten alde egingo zutela esan zuten, baina, adierazi dutenez, horrek ez zuen giroa baretzen lagundu. Emanaldiarekin berriz hastean, erasoak hasi ziren berriro. Azaldu dute orduan Sugarri taldeko emakume gazteen elkarteko kideek esan zietela nahi bazuten bertan behera uzteko saioa. Baina ez amore ematen ahalegindu ziren. «Guk aurrera jarraitzea erabaki genuen».

Ezin izan zuten nahi bezala jarraitu, ordea. «Laugarren abestian geundela, egoera jasanezina bihurtu zen». Erasotzaileek svastikak erakutsi zituztela esan dute, eta «feminista» hitza irain gisara erabiliz aurre egiten jardun zietela... Soinu teknikariari ere eraso egin ziotela ikusi zutenean, kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten. Txosnak, halaber, itxi egin zituzten. Labana taldea zen ondoren jotzekoa, baina haren emanaldia ere bertan behera utzi zuten.

Virgin Mari DJ-ko kideek Sopelako Sugarri talde feministarekin eta Labana taldearekin batera agiri bat kaleratu dute gertutakoa salatzeko eta «borroka feministak» guneak «okupatzen» jarraitu behar duela nabarmentzeko. Sopelako Udalak ere salatu du erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.