Arrauna

Ez urdin eta ez berde: horia

Oriok irabazi du Euskolabel ligako aurreneko estropada Bilbon, erlojuaren aurka. Donostiarra izan da bigarren hiru segundora, bigarren ziabogan kateatu eta gero. Hondarribia hirugarren, eta Urdaibai bosgarren.

jarraia215440.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 2a
20:01
Entzun

Oriok batetik bat. Eta lider Euskolabel ligan. Azkarrena izan da aurreneko jardunaldian, erlojuaren aurkako estropadan. Azkeneko txandan joan da, iazko sailkapen nagusiaren arabera, eta atzean utzi ditu txandakideak: Donostiarra hiru segundora, Hondarribia zazpira eta Santurtzi 30era. Bigarren txandan nagusi izan den Zierbenaren denbora ere bota du, zortzira utzi baitu. Txanda horretan bigarren egin du Urdaibaik, eta Oriok 16 segundo atera dizkio.

Estropada baldintzatu duen hainbat gertakari izan da. Batzuk berezkoak, haizearen gorabeherak, ur-lasterrak eta abar. Beste bat ezustekoa: Donostiarra kateatu egin da bigarren ziabogan, eta mugitu ezinda segundo batzuetan geratzeaz gain, mugitu egin du baliza, eremu barrurantz eta istriborrerantz (gero zuzendu dute antolatzaileek). Denbora onena egiten ari zen, baina hor joan zaizkio irabazteko aukera guztiak.

Oriok ederki baliatu du aukera. Hazi egin da txandakidearen gorabehera tarteko, eta ez du aukera pasatzen utzi. Hala ere, ez dio denbora asko atera gero Donostiarrari. Hondarribiak salbatu egin du hirugarren lekua, Zierbenari aurrea hartu diolako. Urdaibairen emaitzak eman du zeresana, aurreikuspenek goi-goian jartzen zutelako. Baina txanda irabazteko gai ere ez da izan. Bigarrengo multzo horretan, Zierbenaren atzetik egin du, eta Caboren eta Ondarroaren aurretik

Aurreneko txandako azkarrena Getaria igo berria izan da. Atzetik aurrerako lana eginez, aurrea hartu die Kaiku beste igo berriari, Aresi eta Isuntzari. Getariarrak zazpigarren izan dira, eta atzetik bost talde uztea sekulako uzta da.

Bihar Donostian izango dira liga honetako hamabi traineruak (12: 13), eta txandak gaurko sailkapenaren arabera botako dituzte. Ondorioz, Urdaibai ez da onenen txandan joango, bigarrenean izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.