Langile publikoak

Gipuzkoako Aldundiak baliogabetu egin ditu funtzionarioen erretiro sari gehigarriak

Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenetan oinarrituta, diputazioak «legez kanpokotzat» jo ditu erretiroa aurreratzeagatik orain arte eman dituen konpentsazioak.

Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioek astearte honeta eginiko protesta. MONIKA DEL VALLE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 5a
14:08
Entzun

Erretiroa aurreratzen duten Gipuzkoako Aldundiko funtzionarioek ez dute sari gehigarririk jasoko. Eider Mendoza bozeramailearen arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak «behin eta berriz» adierazi du sari horiek ez dutela legezko babesik eta justifikaziorik, eta nabarmendu du administrazioek bete egin behar dituztela epai horiek: «Ez dago beste aukerarik. Jurisprudentzia alde batera uzteak prebarikazioa edo funts publikoak bidegabe erabiltzea ekarriko luke».

EAEko 1989ko Funtzio Publikoaren Legeak sari gehigarri horiek emateko aukera ematen die administrazioei, lan hitzarmen propioak negoziatzeko aukera aitortzen baitie. Horren bitartez konpentsatu nahi da tokiko erakundeetako funtzionarioek txandakako kontratuak lortzeko eskubiderik ez izatea. Hala, erretiro aurreratua hartzen dutenek eskubidea dute sari gehigarria jasotzeko, ordainketa bakarrean, kasu batzuetan pentsioaren %100 jaso zein ez; Gipuzkoako Aldundiko funtzionarioen kasuan, adibidez, konpentsazioa gehienez 40.000 eurokoa izan zitekeen.

Gipuzkoako Foru Aldundia da neurria indargabetu duen lehen euskal erakundea, eta Bizkaiko Aldundiak eta udal batzuek gauza bera egiteko asmoa agertu dute. Adibidez, Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordeak sari gehigarriak indargabetzeari oniritzia eman dio astearte honetan.

Aurreko astean, Gipuzkoako Aldundiko 250 bat funtzionariok protesta egin zuten diputazioaren egoitzan, eta diputatuen bulegoak dauden solairua okupatu zuten tarte batez. Astearte honetan, berriz, Bizkaiko Aldundiko 200 bat langile mobilizatu dira. Aldundiak sindikatuei jakinarazi berri die Giza Baliabideen Plan Estrategikoari lotutako kalte ordainak indargabetzeko asmoa duela, eta, hala, kendu egingo dituela erretiro aurreratuen, uko egitearen eta eszedentzia pizgarridunaren, ezintasunen eta txanda kontratuaren kalte ordainak.

Sindikatuen arabera, Auzitegi Gorenak ez du jurisprudentzia «zehatza» ezarri, eta salatu dute neurria indargabetu duten erakundeek ez dietela txosten juridikorik aurkeztu. ELAk salatu du diputazioak ez direla autogobernua defendatzen ari eta Espainiako auzitegiek hartutako erabakiak «aitzakia» gisa erabiltzen ari direla «murrizketa gehiago ezartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.