Euskara lan munduan

Jaurlaritzak iaz adina diru jarriko du enpresetan euskara sustatzeko diru laguntzetarako

Bi milioi euro emango ditu, baina, aurreko deialdietan ez bezala, ez da euskara planik egin beharko diru laguntza jasotzeko. Lau multzotan sailkatu ditu Jaurlaritzak lagunduko dituen jarduerak.

Beharginak lanean Ulma enpresaren lantegi batean, 2020ko euskaraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko uztailaren 12a
17:41
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro bideratuko ditu Lanhitz programara, enpresa pribatuetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea abiatutako egitasmora. Diru sail horixe bera erabili zuen iaz ere, baina bada aldaketarik ordutik hona: orain arte ez bezala, diru laguntza jasotzeko ez da ezinbesteko baldintza izango euskara planak egin beharra.

Hala ere, enpresa denek ez dute kopuru bera jasoko. Lau multzotan sailkatu ditu Jaurlaritzak diruz lagundutako jarduerak. «Entitatean euskara planik izan gabe, euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak» izango dira lehen multzokoak. 150.000 euro jarriko ditu horietarako. Bigarren multzoan (200.000 euro) kokatuko dira euskarak entitatean duen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara planak diseinatzen dituzten entitateak, eta, «nahi izanez gero», egitasmoren bat abiatzen dutenak. «Euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak» egiten dituztenentzat 1.100.000 euro gorde ditu Jaurlaritzak, eta, azkenik, 550.000 euro bideratuko ditu «entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak» garatzen dituztenentzat.

Diruz lagundutako jarduerak 2022an egin beharko dira, eta, laguntza jasotzeko, entitateek irailaren 1etik aurrera egin ahalko dituzte eskaerak. Iazko deialdian 112 enpresari eman zitzaien diru laguntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.