Frantziako Tourra

Etapa garaipenarekin bideratu du maillot horia Vingegaardek

Hegan egin du danimarkarrak Hautacamen gora, eta maillot horia sendotu du. Pogacarrek hainbat eraso jo ditu urrunetik, baina azkeneko mendatean indarrik gabe gelditu da

Vingegaard, helmugan, garaipena ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 21a
18:21
Entzun

Jonas Vingegaardek irabazi du Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapa; Pirinioetako azkena. Indar erakustaldia eman du danimarkarrak, eta Jumbo-Visma taldeari estrategia ezin hobeto atera zaio. Tadej Pogacarrek (UAE) hainbat eraso jo ditu Spandellesen gora, baina denetan erantzun du liderrak. Azkeneko mendatean, aldiz, hustu egin da Pogacar, eta ezin izan du danimarkarraren erritmoan jarraitu. Mirari bat beharko du esloveniarrak larunbateko erlojupekoan maillot horia jantzi nahi baldin badu. 3.26 da orain bien arteko aldea.

Lasterketa eroa eta bizia izan da hasiera hasieratik. Hainbat txirrindulari saiatu dira eguneko ihesaldian sartzen, baina tropela zorrotz aritu da, aldea handitzen utzi gabe. Aubisquera (16,4 kilometro eta %7,1eko pendiza) iritsi aurretik lortu du 30 bat txirrindulari zituen taldetxoak multzo nagusiari aurre hartzea. Tropelak baimendu egin du azkenerako mugimendu hori, eta hiru minututik gorako aldearekin iritsi dira Aubisque gainera.

Jaitsiera sigi-sagatsua egin dute ondoren ziklistek, Spandelleseko aurreneko aldapetara iritsi aurretik. Aurrenekoz igo du Frantziako Tourrak mendate hori, eta aurrealdean hiru txirrindulari bakarrik gelditu dira: Wout van Aert (Jumbo-Visma), Daniel Felipe Martinez (Ineos) eta Thibaut Pinot (FDJ). Tropelean, aldiz, azpi-azpitik Brandon Mcnultyk (UAE) ezarri du erritmoa, Pogacarren mesedetan.

Berehala jo du Pogacarrek erasoa, helmugarako 39 kilometro gelditzen zirenean, eta orain arte bezala, Vingegaard gurpilera itsatsi zaio. Sepp Kuss liderraren taldekidea iritsi da bikotearen ondora, eta Pogacarrek hanka altxatu du. Hala ere, beste hamaika aldiz saiatu da mendate berean esloveniarra, baina ez du liderra gurpiletik atera ere egin. Sendotasuna erakutsi du une oro maillot horiak, eta aulkitik altxa gabe erantzun die Pogacarren eraso bortitzei. Aurreko hirukotea iritsi da lehenengo Spandelleseko tontorrera, eta minutu eta erdira iritsi dira bi oilarrak.

Aldapan behera ere saiatu da Pogacar, eta jarrera bikaina erakutsi du esloveniarrak. Vingegaard ia erori egin den arren, eutsi egin dio esloveniarraren gurpilean, eta Pogacar bera izan da aurrerago erori dena. Vingegaardek, aurrera jo ordez, itxaron egin dio gizalegez, eta eskua ere eman diote elkarri. Kuss eta Tiesj Benoot —liderraren taldekideak— eta Geraint Thomas (Ineos) batu zaizkie mendatea hasi aurretik, eta elkarrekin egin dute Hautacamerako bidea.

Aurrean Pinot izan da Hautacam handian (13,6 km, %7,8) gora lehen mugimendua egin duen txirrindularia, baina beste biek ondo erantzun dute. Van Aertek jo du gero, aldapa pikoegia ez zegoen unean, eta atzean gelditu da Pinot. Flandriarra eta kolonbiarra bakarrik gelditu dira aurrean zortzi kilometro gelditzen zirenean, baina oilarrak gain-gainean zeuzkaten ordurako. Kussek ezarri du erritmoa, eta haren gurpilean aritu dira sailkapeneko lehenengo biak.

Helmugarako bost kilometro falta zirenean harrapatu du hirukoteak lasterketa burua, eta bi oilarrak eta Van Aert gelditu dira aurrean. Flandriarrak erritmo zitala ezarri du, eta Pogacar bera ere lehertu du. Maillot horia bakarrik gelditu da orduan, eta haren aurtengo Tourra biribildu egin du, mendiko azkeneko etapan nagusituz. Bakarrik iritsi da helmugara, eta bigarren etapa garaipena lortu du. Pogacarrek minutu bat pasatxo galdu du helmugan, eta Tourra ia erabakita utzi du Vingegaardek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.