Homofobia

Australiako zazpi errugbilarik uko egin diote ortzadardun elastikoa janzteari partida batean

Ortzadarraren koloreak dituen elastiko batekin lehiatuko dira Manly Sea Eagles eta Sydney Rooster taldeak ostegunean. LGTBI komunitateari keinu egitea dute helburu kamiseta horiekin.

Manly Sea Eagles taldeko hiru jokalari ortzadardun elastiko berriarekin. MANLY SEA EAGLES / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 26a
15:08
Entzun

Manly Sea Eagles taldeak LGTBI komunitateari keinu egiten dioten kamisetak aurkeztu zituen atzo. Kolektiboaren bereizgarria den ortzadarraren koloreak ipini dituzte elastikoaren mahukan eta soinean dauden iragarkietan, eta ostegunean Sydney Roosterren aurkako partidan erabiliko dituzte. Hala ere, hartutako erabakia ez da denen gustukoa izan, eta taldeko zazpi jokalarik boikota egingo diote elastikoa janzteari.

Des Hasler entrenatzaileak prentsaurreko batean jakinarazi zuenez, «beren sinesmen kultural eta erlijiosoekin gatazkan» sartzea da arrazoi nagusia. Jokalariei ez zieten kamiseta hori erabiltzeari buruzko kontsultarik egin, eta taldekide batzuek ez dute begi onez ikusi ekinaldia. Haslerrek gizonen erabakia errespetatzen duela esan badu ere, barkamen publikoa eskatu zuen prentsaurreko batean. Kamiseta horien asmoa «genero, arraza, kultura, gaitasun eta LGBTI mugimenduei buruzko defentsa eta giza eskubideak babestea» dela nabarmendu zuen.

Boikotari erantzuna

Boikotaren aurrean, Anthony Albanese lehen ministroak azpimarratu zuen garrantzitsua dela «guztiak errespetatzea, direnagatik» eta «kirola inklusiboagoa izatea». Albanesek bere lagun eta Eagles taldeko jokalari ohia den Ian Roberts ere goraipatu zuen. Homosexuala zela jendaurrean esan zuen eliteko errugbi ligako lehen jokalaria izan zen Roberts, 1995ean. Errugbian izan den lehen jokalari gay-a izan ez bada ere, «armairutik ateratzeko adorea izan zuen lehena» izan zela azpimarratu zuen agintariak, eta horrek «beste batzuei bidea erraztu» ziela.

Pamela Whaley kirol kazetaria ere haserre agertu da Twitterren jokalarien boikota dela eta: «Amorratzen nauena da (eta beti amorratu nau) jokalariek boikota egingo dutela ostadar batengatik, baina inoiz ez diote boikotik egingo taldekide bati emakumeen aurkako indarkeriaz edo moralki gaitzesgarria den beste edozein jokaeraz akusatu badute, eta denak ados egongo lirateke jokabide hori ez onartzearekin. Ez dut ulertzen».

Bestalde, kirolzaleen artean arrakasta izugarria izan dute ostadar koloreko kamisetek. SBS kate publikoak jakinarazi duenez, 24 ordu baino gutxiagoan saldu ziren webgunean salgai zeuden elastikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.