Osasuna

Nafarren %97,4k COVID-19aren aurkako antigorputzak dituzte

Nafarroako Gobernuak egindako gizartearen seroprebalentziari buruzko azterketaren arabera, %62 infektatu egin dira, eta horietatik %40k ez dute jakin birusa izan dutela, ez baitute diagnostikorik izan osasun zerbitzuetan.

Iazko txertaketa gune handia. 1,4 miloi dosi banatu dira eta 561.000 herritar txertatu. IñIGO URIZ
2022ko uztailaren 29a
13:29
Entzun

Batetik, txertoa; bestetik, immunitate naturala. Edo biak, aldi berean. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamenduak 35 osasun zerbitzutan egindako seroprebalentzia azterketak erakusten duenez, herritarren %97,4k antigorputzak dituzte SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko.

Azterketa apirilaren 26tik ekainaren 3ra bitartean egin zaie 1.461 pertsonari, haien idatzizko baimenarekin odol laginak aterata. Nafarroako 57 osasun etxeetatik 35etan aukeratu dituzte herritarrak, eta aintzat hartu dira adin tarte guztiak, 5 urtetik 96 urte bitartera. Laginaren mediana 51 urte izan da. Aukeratutakoen %93 txertatuta zeuden; %60k hirugarren dosia hartu zuten, eta %36ri eritasuna diagnostikatu diete.

Bi antigorputz bilatu dituzte azterketan: batetik, antinukleokapside antigorputzak —birusak infektatu eta immunitate erantzuna islatzen dute—; bestetik, birusak zelulan sartzeko behar duen S proteinari aurre egiteko anti-espikula antigorputzak —txertoak eragindako immunitatea islatzen dute—.

Laginaren emaitzak gizarte osora estrapolatuta, ondorioztatu da 18 urtetik gorakoen %92,3k dituztela birusaren S proteinaren aurkako antigorputzak. Era berean, biztanleen %62k dituzte infekzioa pasatu dutela erakusten duten antigorputzak. Bi datuak erlazionatuta, herritar gehien-gehienak immunizatuta daude COVID-19aren aurka: %97,4, zehazki. Soilik %2,6k ez lukete inongo antigorputzik; horiek ez dute eritasunari aurre egiteko babesik, eta ondorio larriak garatzeko arrisku handiagoa dute.

Birusa modu naturalean hartu dutenei erreparatuta, 30 urtetik beherakoen artean handiagoa da infekzio kopurua (%80), eta, adin horretatik gora, beherantz doa ehunekoa: 80 urtetik gorakoen artean, infekzio ratioa %26 da. Ondorioz, adin tarte guztiak infektatu badira ere, kopururik handienak gazteen artean daude, eta progresiboki behera egiten du.

Deigarria da, era berean, antigorputzen datuak ez datozela bat diagnostiko kopuruarekin eta, pandemiaren hasieratik ikusi den bezala, pertsona askok oharkabean pasatu dutela. Azterketaren arabera, infekzioa pasatu duten hamar lagunetik lauk ez zuten diagnostikorik osasun sisteman.

Azterketaren arabera, adin tarte guztietan herritarren erdiek baino gehiagok immunitate bikoitza dute: hots, infekzioa pasatu izanaren eta txertoa hartu izanaren antigorputzak garatu ditu. Dena den, 60 urtetik gorakoen erdiek baino gehiagok soilik txertoaren antigorputzak dituzte, eta, zenbat eta zaharragoak izan, gero eta gutxiagok dituzte antinukleokapside antigorputzak.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azpimarratu du lan «zabala, berritzailea eta zorrotza» dela, eta osasun gestioari begira «erreminta baliagarria». Udazkenari begira aztertzen ari dira zer egin txertoaren laugarren dosiarekin eta nori jarri, eta emaitzak baliagarri dira eztabaida tekniko horri begira. Espero da irailean txerto berriak etorriko direla eta erantzun eraginkorragoa emango dutela omikronaren eta aldaera berrien S espikula proteinari aurre egiteko.

Indurainek nabarmendu duenez, orotara 571.000 nafar txertatuta daude, eta txertoa izan da «erreminta nagusia» COVID-19ari aurre egiteko, «eritasunaren koadro larriak eragotzi dituelako eta horrek arnasa eman diolako osasun sistemari». Indurainen arabera, seigarren olatuan kalkulatu da txertoek heriotzen %85 eragotzi dituztela. Ehuneko hori herritar kopuruetara eramanda, Indurainek azpimarratu du 6.000 ospitaleratze eta 1.600 heriotza eragotzi dituela.

Hala, Marian Nuin Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko gerentearen arabera, udazkenera arte itxarotea hobetsi dute «ikusteko txerto berriak iritsiko ote diren», betiere egoera epidemiologikoak ez badu nabarmen okerrera egiten. Ikusirik 60 urtetik gorakoen artean infekzioa pasatu dutenen kopurua handiagoa dela, laugarren dosia jarriko zaie.

Sendotzeko dosi hori adin tarte horretan jarriko da, baina batik bat 80 urtetik gorakoak lehenetsiko dituzte. Halaber, osasun sistemako eta zahar etxeetako langileei ere jartzeko asmoa dago. «Eztabaida irekita dago, eta egoera epidemiologikoaren arabera eta txertoaren prestasunaren arabera hartuko da erabakia», azaldu du Nuinek.

Jesus Castilla epidemiologoak ondorioztatu du nafarren antigorputz kopurua «oso handia» dela. «Ez da nabaritu antigorputzak jaitsi direla; akaso, immunitate arazoak dituztenen artean apur bat ahulagoa da, baina, hain zuzen, horiei laugarren dosia jarri zaie». Dena den, Castillak azpimarratu du antigorputz maila zirkulazioan den birusaren aldaera berriekin erkatu behar dela: «Aldaera berriak agertzean, infektatzeko arrisku handiagoa dago, baina ez eritasunaren sintomarik larrienak garatzekoa. Hori aldaera berriei egokitutako txertoei esker amaituko da«.

Alde horretatik, birusa normaltzat hartzea gomendatu du Castillak. «Koronabirusaren infekzioa ez dugu bizitzan behin pasatuko. Gehiagotan pasatuko da, baina normalena da bigarrengoan arinagoa izatea, eta hurrengoan are arinagoa, garrantzirik ez emateraino. Katarro baten gisako zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.