Txirrindularitza

Remco Evenepoelen garaipen ikusgarria, Donostiako klasikoan

Flandriarra bakarrik iritsi da Bulebarrera, 46 kilometro falta zirenean, Erlaitzen gora denak atzean utzi ostean. Denboraldiko 11. garaipena du. Bigarren izan da Sivakov eta hirugarren Benoot.

Remco Evenepoel garaipena ospatzen Bulebarreko helmugan. ANDONI CANLLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 30a
17:59
Entzun

Remco Evenepoelek (Quick Step) bigarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa. 2019. urtean egin bezala, erakustaldia emanda egin du, lege zaharreko txirrindulariek egiten zuten bezala. Orduan txirrindulari ezezaguna zen. Orain, berriz, ez. Baina begirada guztiak harengan jarrita zeudenean, ausart jokatu du beste behin. Erlaitzen gora estutu txiki bat eman, eta nahikoa izan du oraindik oparoa zen tropela txikitzeko. Simon Yatesek baino ez dio eutsi. Baina hark ere amore eman behar izan du Evenepoelen erritmo eta pedalkaden aurrean. Kilometro pasatxo baino ez dio jarraitu gurpilean. Beste estutu txiki bat, eta flandriarra bakarrik geratu da. Hala egin ditu azken 46 kilometroak, erlojupeko bat balitz bezala, aeordinamikoki jarrera ikusgarri bat erakutsiz. Horren erakusle, Mugileko zatirik gogorrenak eserita egin ditu, erraz, eta zaleek hauspotuta. Hala eskertu diote emandako erakustaldia. Azken kilometroak gozamena izan dira irabazlearentzat. Bigarren izan da Pavel Sivakov (Ineos) eta hirugarren Tiesj Benoot (Jumbo-Visma).

Eguna goibel esnatu da, eta Alejandro Valverdek Bulebarrean jasotako omenaldiaren ostean abiatu da lasterketa. Eguneko ihesaldia bederatzi txirrindularik osatu dute: Theo Delacroixek (Intermarche), Manuele Boarok (Astana), Eugenio Sanchezek (Kern Pharma), Mads Pedersenek (Trek), Martijn Tusveldek (DSM), Jon Barrenetxeak (Caja Rural) Oscar Cabedok (Burgos BH), Ibai Azurmendik (Euskaltel Euskadi) eta Fabien Grellierek (Total Energie). Bidea egin dute, nahiz eta gero, besteak beste, Barrenetxea atzean geratu den. UAEk hartu du tropel nagusiaren burua. Tadej Pogacar ondo zegoela zirudien. Eta pixkanaka aldea murrizten joan dira. Jaizkibel igotzen hasi direnean minutu bat baino gutxiagoko errenta zuten iheslariek, eta mendatean gora jaisten jarraitu dute aldea. Donostiako Bulebarreko helmugarako 65 kilometro falta zirenean harrapatu dituzte.

Pixkana lekua hartzen joan dira faboritoak. Tropelaren aurrealdean agertu dira, besteak beste, Evenepoel eta Yates. Ezustea, ordea, Pogacarrek eman du, atzean geratu baita igoeraren bigarren zatian. Esloveniarrak Frantziako Tourreko ahalegina ordaindu du. Hori jakinda, Quick Stepek hartu du orduan tropelaren burua. Multzo handia iritsi da elkarrekin Jaizkibel gainera. UAEren egun beltzak jarraitu egin du, Joao Almeidak erorikoa izan baitu. Taldeak egindako ahalegina alferrikakoa izan da. Ion Izagirre (Cofidis) ere erori egin da, eta lasterketa utzi behar izan du, sorbaldan min hartuta.

Quick Steepek luze jarri du tropela, eta lasterketa gogortu du. Evenepoel ondo baino hobeto babestuta zihoan lau taldekiderekin. Jaizkibelen sufritu duten txirrindulariei beste estutu bat eman nahi izen diete. Education First eta Bahrain ere azaldu dira. Erlaitzen hasieran, Yates, Evenepoel eta Daniel Felipe Martinez (Ineos) hor zeuden. Ia nahigabe, Evenepoelek eta Yatesek aurrera egin dute. Flandriarrak nahikoa izan du estutu txiki bat egitea. Ezin da ezta eraso moduan hartu. Sivakov ere saiatu da haiekin joaten, baina ezin izan du. Bestek denak atzean geratu dira. Yatesek kilometro pasatxo baino ezin izan dio eutsi Evenepoeli. 46 kilometro falta ziren, eta Erlaitzeko sasi-ordekan Evenepoel bere gariapenaren zutarriak jartzen joan da. 18 segundoko errentarekin iritsi da gora. Pedalkadaz pedalkada aldea handitzen joan da.

Hortik aurrera, azken 40 kilometroak, erlojupeko baten moduan egin ditu, aerodinamika ikusgarria erakutsiz. Yatesen atzetik, Carlos Rodriguez (Ineos), Sivakov eta Bennot geratu dira. Eta Bauke Mollema (Trek) ere gehitu zaie. Baina jazarpen lanak ez du eraginik izan. Boskoteak ezer gutxi egin ahal izan due Evenepoelen erakustaldiaren aurrean. Gainera, Sivakovek eta Rodriguezek aurrera egin dute.

Murgilen gora, Evenepoelek bere pedalkada fresko eta arinari eutsi dio. Eserita igo du, zaleen zoramenerako. Ederki hauspotu dute hor ere. Atzetik zetozenei, berriz, eguneko ahaleginak eta pendizaren gogortasunak eragin die. Murgil gainean Evenepoelek zuen errenta bi minutukoa zen. Atzeko bikoan Rodriguez geratu egin da, eta Sivakovek egin du aurrera. Azken kilometroak gozamena izan dira Evenepoelentzat, eta hala biribildu du erakustaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.