Sei pertsona atxilotu dituzte Araban eta Nafarroan, drogaren aurkako operazio batean
Araban eta Nafarroan sei pertsona atxilotu dituzte, eta Espainiako beste leku batzuetan, beste 11. Erakunde kriminal baten parte izatea eta droga trafikoan aritzea egotzi diete, besteak beste.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak droga trafikatzaile talde baten aurkako operazio bat egin dute, eta guztira hamazazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako sei Euskal Herrian. Agurainen (Araba) bi atxilotu dituzte, eta Oionen (Araba), Gasteizen, Tresponden (Araba) eta Vianan (Nafarroa) atxilotu bana izan dira. Maila ezberdinean, baina erakunde kriminal baten parte izatea, droga trafikoa, kapital zuriketa, iruzurra, delitu simulazioa eta dokumentu faltsuen erabilera egotzi dizkiete atxilotuei.
Polizia indarrek guztira hogei erregistro egin dituzte Araban, Nafarroan, Leonen (Espainia) eta Errioxan (Espainian), etxebizitzetan, pabiloi industrialetan eta gaueko aisialdiko negozioetan. 150.000 euro atxiki dituzte, baita ibilgailuak eta drogak ere. Bankuko hainbat kontu eta etxebizitza batzuk ere blokeatu dituzte. Bestalde, 13,767 kilo kalamu eta 2.352 kokaina dosi merkaturatzea eragotzi dute.
Poliziaren arabera, hilabetean 10.800 kokaina dosi inguru banatzen zituen talde horrek, eta uste dute hilabetean 227.000 euro inguru irabazten zituztela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.