Amagoia Gurrutxaga Uranga - Joxean Muñoz Otaegi

Agertoki berri baterako lanak

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. MAIALEN ANDRES, FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko abuztuaren 11
19:58
Entzun

Aspaldi da elkarren berri zutela —«Amagoia Iban ateratzen zait oraindik», Muñozek—, eta mahai baten bueltan baina bi aldetan elkartu ditu bideak orain: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde aritu da azken urteetan Jokin Muñoz —aholkulari ari da egun—, eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen koordinazioan dabil Amagoia Gurrutxaga. Biak ari dira kulturgintzaz pentsatzen, sektorearen eskakizunak ordenatzen, eta egiteko jakin bat jarri die BERRIAk: hamar urte barruko bilkura bat irudikatzea; non diren premia larrienak, zer auzik behar lukeen gaindituta ordurako, eta zertan ari diren horretarako. Tabakaleran egin dute hitzordua, eta espazioaz galdetuta agertu da lehen kontrastea: zuzendari izan zen Muñozek poza aipatu duen lekuan —«garbi uzten ari dira beharrezkoa dela halako traste bat»—, mesfidantza puntua onartu baitu Gurrutxagak —«pixka bat arrotza gertatzen zait oraindik; agian kultura bizitzeko nire era beste esparru eta esperientzia batzuekin gehiago lotzen dudalako»—. Galdera gutxirekin josi dute solasa.
 

Tarteka agertzen da kezka, Sisiforen kondenak jota ote dagoen euskal kultura, beti gai bertsuen inguruan bueltaka. Badaukazue irudipen hori?

JOXEAN MUÑOZ: Gauza asko ez dira Euskal Herrian bakarrik gertatzen, orokorrak dira kulturan. Sisifo beti ari da harri bera igotzen, aldiro zerotik hasten, eta ez dut uste irudi egokia denik. Hemendik hamar urtera, oraingo arazo gehienak hor egongo dira —lanbidetik bizitzeko aukerak, euskal kulturaren irautea eta indartzea...—; kontua da, ordea, ez daitezela egon orain bezala.

AMAGOIA GURRRUTXAGA:Sisifo maite minez ekarriz [Laura Mintegiren eleberria], nik esango nuke euskal kulturan maiteminez ari dela jendea harri bat eramaten. Loreak belaunetan dokumentala egin berri dugu Lanartean, eta inpaktatu nau ikusteak 1970eko hamarkada bukaera inguruan, zu hasi zinen garaian eta, kultur mundura sartu zen jendearen kezkak eta oraingo gazteenak zein antzekoak diren —ekina ere bai, dena ez baita negatiboa—. Orduan, arrazoia zen dena egiteko zegoela; orain ditugu egitura eta bitartekariak lepo, horiek badute hileroko soldata ziurtatuta, oso ondo, baina kultur sistema horri eusten dion sormen lana egiten jarraitzen duenak oso prekario segitzen du, ziurgabetasun handiarekin, kontsakratutzat dauzkagun asko larri erretiroari begira...

MUÑOZ: Arrazoi duzu. Eta baldintzak ez dira errazagoak orain, testuinguru orokorra aldatu delako —pentsa, duela hamabost urte hasi ziren smartphoneak—, baina ziurtasunik gabeko mundu horretara sartzea oso konplikatua da, eta izango da. Gure egiteko nagusia da talentu hori garatzeko aukerak ematea, hori asko garatu da azken urteetan; baina ez dut uste posible izango denik ez hamar urtera, ez aurrerago esatea «nik hau egin nahi dut, eta hasieratik badut honetaz bizitzeko aukera».

GURRUTXAGA: Kontua da hor non gelditzen diren sortzaileen eskubideak. Ez dago kultura bizigarririk ondo bizi den sortzailerik gabe. Gatazkak egongo dira, baina hamar urte barru gaindituta egongo diren gutxieneko batzuk aurreikusi behar genituzke.

Zein beharko lukete gutxieneko horiek, bada?

GURRUTXAGA: Sektoreko langileen aldetik, kontzientzia kolektiboa hartzea. Txosten guztietan agertzen da: prekarizazioak atomizazioa ekartzen du, bakoitza berean egotea, eta ariketa hau kontrakoa da: hamar urte barru hobeto egoteko, sektorea elkartu, eta kezkak eta konponbideak adostu beharko dira. Lortuko dena horren araberakoa izango da. Zuen txostenetan esaten da generoak, klase sozialak eta etniak markatzen dutela prekaritatean irauteko inoren gaitasuna. Guk esaten dugu hizkuntza gutxituan aritzeagatik lana gutxiago baloratzen dela oraindik leku askotan. Lanarteak desberdintasun horren zama nozitzen duen kolektiboa ordezkatu nahi du.

MUÑOZ: Lan baldintzetan eragitea oso zaila da, baina egia da pandemiak lehen lerroan jarri duela gaia, eta estutu egin gaituela. Orain behar du, eta uste dut urtebetean aurrerapausoak egongo direla. Funtsean, hiru hanka ditu gu egiten ari garenak: kode egokien gida, fiskalitatea eta errolda.

Gida, kontratazioetarako?

MUÑOZ: Bai. Sektore publikoak sekulako pisua du hor: kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak... sare oso inportantea dago hor, eta diruarena ez dago behar beste sartuta. Niri ere gertatu zait hitzaldi bat ematera joateko deitu, eta hau eta beste aipatu, baina dirua ez. Eta zuk esan behar izatea: «Aizue, pagatzeko asmorik baduzue?». Eta esaten zenuena, deitzen duen horrek soldata bermatuta dauka. Hori aldatu behar da, eta gutxieneko prezio batzuk proposatu, udalekin eta aldundiekin adostuta. Proposamena baino gehiago ezin da izan, merkatu librearen legeengatik.

GURRUTXAGA: Lanartea ere ari da praktika onen gidak egiten, diziplinaka, sortzaileen esperientziatik abiatuta, eragile publiko eta ez-publikoei begira. Ezinbesteko tresnatzat daukagu, gure lan baldintzak babesteko.

MUÑOZ: Eta ez da bakarrik zenbat pagatuko den adostu beharko, formak ere zaindu beharko dira: ordainagiriak, fakturatzea... ohitura horiek ere ez daude behar bezain hedatuta. Nahi dena da zergak pagatzeko orduan kontuan hartzea sortzaileen lanak daukan berezitasuna, beste alor batzuetan —arrantzaleak, suhiltzaileak...— aitortzen den moduan. Ez da pribilegio bat eskatzea, inportantea da hori kontatzea gizarteari.

Artistaren Euskal Estatutua urrats inportantea izan daiteke datozen urteei begira?

MUÑOZ: Gure aldetik, gauzak nahiko aurreratuak daude. Artistaren Estatutua Madrilgo parlamentuan adostu da —gu Sortzaileen Fiskalitatea ari gara izendatzen—, eta hori moldatu, eta dokumentu xehe-xehe batera ekartzen ari gara, hemengo ogasunekin adosteko gero, konplize moduan hartuta foru aldundietako kultura arduradunak. Zeren ogasunaren eta kulturaren arteko interlokuzioak asmatzeko daude; pandemiak hori ere jarri du agerian. Operazio konplikatua da, baina uste dut legealdi honetan gauzatua egon litekeela. Betiere gure eskumenen arabera, armairu hori antolatzea, funtsean, Madrilen esku baitago oraindik. Hor presio politikoa egin beharko da. Gero etorriko dira arazo berriak.

Esaterako?

MUÑOZ: Zein jardun hartuko den profesionaltzat egoera berri horretan. Modu bakarra JEZ Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren bidez egitea ikusten dugu, jardun ekonomikoa non kokatzen den ikusita. Ez da nahikoa norberak esatea kulturako profesionala dela. Pandemian asko gertatu da hori. Demagun, Anari. Profesionala da? Gutxi bezalakoa. Baina lanbidez? Irakaslea. Lanbiden paperei begiratzen diete.

GURRUTXAGA: Ez dagoelako besterik. Eta orokorra da, ados, baina gure hiztun komunitatean aukera are gutxiago daude, eta ondorioa da gehien-gehienek sortzen dutela horrela. Jaurlaritzara joan ginenean genituen arazoen berri ematera izan genuen guk txosten horren berri; ondo etorriko zaigu ezagutzea. Madrildik etorriko dena, normala den bezala, haien sisteman sortzaile direnen neurriko jantzi bat da. Gu ari gara 750.000 hiztun komunitate bateko literaturaz, musikaz, bertsolaritzaz... eta ez dauka zerikusirik. Bertsolariek ez dute epigraferik, adibidez.

MUÑOZ: Madrilgo estatututik segitzearen bidea hartu badugu, izan da azkar jokatu behar genuelako. Uste dut urrats handi bat egingo dela hor, eta sortzaileekin eta alderdiekin adostutako dokumentu baten gainean, gainera. Hemen hutsetik eraikitzen hasi izan bagina, eskatu izan den bezala, hamabost urte pasatuko lirateke. Ez, egin dezagun bi-hiru urtean. Horrek ez du esan nahi bukatu denik, ez baita bukatu, baina behintzat auzia beste leku batean jarriko dugu.

GURRUTXAGA: Hala ere, guk geure buruari bai ematen diogu hemengo artistentzako legezko testuinguru bat imajinatzen hasteko lana. Badugu abantaila bat: Ipar eta Hego Euskal Herria izanda, bi sistema dauzkagu, bai legez eta bai sozialki, oso diferente tratatzen dituztenak bai artista eta bai kultura, oro har. Tortikolis da beti Madrilera begira egotea. Bi aldeetara begiratu beharko genuke, bakoitzetik zer hartu ikusteko.

Eta, orain artekoaren osagarri, ahazten ari gara euskarazko kultur sisteman, herri administrazioaz eta enpresa pribatuaz gain, badagoela beste hanka oso potente bat: herri ekimenarena. Gaztetxe sarea, euskara elkarteen dozenaka ekitaldi... badakizu zenbat herritan dauden borondatez lan hori egiten dutenak? Horiek gabe, euskarazko kulturak ez luke presentziaren erdia ere edukiko gure herrian. Ezikusia egiten diogu horri, eta kultura bizitzeko beste era bat ere ematen du horrek.

MUÑOZ: Bai. Baina horrek hirugarren hankara narama, eta da erroldarena. Bingenek [Zupiria] hasieratik esaten zuen alor bakoitzean zer jende dagoen jakin behar genuela. Ni uzkur samar ibili naiz, profesionalizazioarekin gatazka hori daukagulako, baina ikusten ari gara leku guztietan eskatzen ari direla. Beraz, goazen egitera eta ikustera zer jende bizi den honetatik eta nola bizi den.

"Euskarazko kultur sisteman, herri ekimena hanka oso potentea da. Hori gabe, euskarazko kulturakez luke presentziaren erdia ere izango gure herrian"

Amagoia Gurrutxaga Uranga. Lanarteako koordinatzailea eta kazetaria

GURRUTXAGA: Gu sortzaileen problema zehatzak zerrendatzen ari gara, eta elkarteekin eta adituekin zer konponbide eman ikusten. Egon gara dagoeneko Gipuzkoako eta Arabako ogasunekin; Bizkaikoa eta Nafarroakoa falta zaizkigu. Uste dut gure norabidea kontrakoa dela —ez duena esan nahi kontrara—, eguneroko jardunetik abiatzen garela.

Fiskalitate bateratu bat indarrean egon daiteke 2032rako?

GURRUTXAGA: Hala behar luke, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan behintzat. Eta Nafarroan bateratzea ere lortu nahi genuke, beste gai batzuetan lortu den moduan.

MUÑOZ: Nik uste dut baietz, beste leku batean egongo garela fiskalitatearen gaian.

Eta euskaraz ari diren kulturgileentzat berariazko politikarik irudika daiteke ordurako?

GURRUTXAGA: Unescotik eta Europatik datozen zuzentarauak hortik datoz, dibertsitatea zaindu eta ahal den neurrian biziberritu egin behar dela diote. Baina hizkuntzaren aldagaia alde batera uzten da, eta horrekin normalizatzen ari gara erdaren maila berean gaudela; posteuskalduntze batean bizi bagina bezala, eta ez da egia. Biztanleriaren heren bat da euskalduna, oso baikor jarrita.

"Lan baldintzetan eragitea oso zaila da, baina pandemiak lehen lerroan jarri du gaia, eta uste dut urtebetean aurrerapausoak egongo direla"

Joxean Muñoz Otaegi. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkularia

MUÑOZ: Nik bestela ikusten dut. Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan. Kultur sistema hau da, bere arazoekin; horren barruan euskaraz egiteak zailtasun handiagoak ditu, urriagoak garelako eta urrituak izatetik gatozelako.

GURRUTXAGA: Eta ez daukagulako lege propio bat gure alde.

MUÑOZ: Baina behar dugu? Jaurlaritzatik egin dena da edozein deialditara aurkezten den lana euskaraz bada plus bat eman, beti kalitatearen langa pasatuta. Baina aparteko mundurik sortu gabe. Berdin emakumeekin. Euskal zinema, esaterako, lehen beti aparte jartzen zen, eta beti ginen gizajo horiek, kasu egin behar zitzaienak. Orain, barru-barruan daude. Zer arazo dakar horrek? Unibertso horretan galtzen ari garela. Bada eskultura bat, Vietnamgo gerrillaren eslogan bat duena: «Lurraldea zabaltzen baldin baduzu, ahulagoa zara; trinkoago baldin bazara, lurraldea galtzen duzu».

GURRUTXAGA: Euskal kulturaren gorputza ikusezina bihurtu zaigu, besteak beste, ekuaziotik hizkuntza aldaera desagerrarazi delako. Baita gure kultur sistema ikertzen duen Kulturaren Euskal Behatokiaren txosten gehienetatik ere. Ez da zehazten zeinek egiten duen erdaraz, zeinek euskaraz, zeinek elebitan. Emakumeen paralelismoa erabiliz, haiei espazio bereziak emateak ez du esan nahi inor baztertzen duzunik. Hemen ere egoera gutxituan dagoenari bultzada gehigarria emateaz ariko ginateke, aukera berdintasunera ailegatu dadin.

Eta aipatu dituzu diru laguntzak, baina arazo handia lana ezagutaraztearekin dute sortzaileek. Ez bada sare ez-ofizialetatik etortzen zaiolako, gehiengoa ez da enteratu ere egiten euskaraz zer musika sortzen ari den, zein ari den literaturan, antzerkian... halako gauzak konpontzeaz gehiago mintzo da jendea sektorean.

MUÑOZ: Zailtasun handiagoetatik abiatzen zara, baina neurri batean bakarrik, ze badago komunitate bat. BERRIA bat dago, giltzarria dena, dudarik gabe. Argitaratzen baduzu disko bat gaztelaniaz, berez, bostehun miloi laguneko merkatua duzu, baina horra inguratzen hastea euskarazkora baino zailagoa da, ez daukazulako komunitate bat bultzatuko zaituena.

GURRUTXAGA: Ez dakit horrela den... BERRIA aipatu duzu, baina zenbat periodiko daude hemen bertan euskarazko kulturari leku anekdotikoa ematen diotenak?

MUÑOZ: Bai... eta lehen? Durangori egiten zioten gehienez kasu.

GURRUTXAGA: Igual galdu duguna da euskal-ek, guretzat euskarazkoa den bezala, orain gero eta gehiago esan nahi duela «hemen sortua den guztia». Terminologian bertan egon da aldaketa handi bat...

MUÑOZ: Hor badago beste arazo bat: hemen erdaraz idazten, antzezten, kantatzen... dutenak ere gure kulturaren parte direla. Ni ez naiz gai sentitzen esateko Ramon Barea ez denik gure kultur sisteman tipo inportante bat, edo Michel Gaztanbide bat, Borja Kobeaga bat, Karmelo Iribarren bat.

Euskaraz ari direnen ikusgaitasunean eragiteko, irudika daitezke kuota batzuk hedabide publikoetan, esaterako?

GURRUTXAGA: Ulertzen dut hori, zoritxarrez, talka politikorako erabili ohi dela, baina naturaltasun osoz planteatu beharko litzateke. Arrazoi bakarrarengatik: beste inork ez duelako egingo.

MUÑOZ: Kuotak jarri behar badira, kontua da nola. Gaztea irratian, esate baterako, esaten zuten euskaraz bakarrik jarriz gero jendeak alde egiten ziela.

Eta nola egin, orduan, euskarazkoa bazterrekoa izan ez dadin?

MUÑOZ: Sistema publikoa finkatzen hasi zenean, gauza asko itzultzeko joera egon zen; ez zuen funtzionatzen. Azken urteetan, ordea, produktu espezifiko bat sortzera jo da. Adibide oso polita da Buñuelena [Nosferatu bildumako liburuez ari da]: lan mardul bat egin da gaztelaniaz, baina, euskarazkorako, Harkaitz Canorekin hitz egin dute, eta beren-beregi euskaraz sortutako halako majarada bat egin du, oso polita. Beste maila batean gaude.

Eta gaude fase batean non erabilera den gakoa, bai hizkuntzan eta bai kulturan. Eta erabilera ez da arauekin neurtzen, borondatea da. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero? Hor dugu desafioa.

"‘Euskal’, guretzat, ‘euskarazkoa’ da; orain, berriz, gero eta gehiago esan nahi du ‘hemen sortua den guztia’. Terminologian aldaketa handia egon da"

Amagoia Gurrutxaga Uranga. Lanarteako koordinatzailea eta kazetaria

GURRUTXAGA: Bai, baina horretara ez gara heldu fenomeno meteorologiko baten ondorioz. Politika jakin batzuen ondorio ere badira kultur ohiturak, lan baldintzak eta euskararen egoera bezalaxe. Gari Goikoetxeak EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza jardunaldietan esaten zuen 2036an euskara ezagutuko dugunak %35 inguru izango garela. Ezagutza, pentsa erabilera.

Nik gogoan dut umetan zer ikusten nuen ETBn —euskarazko telesailak, bikoiztutako marrazki bizidunak...—, eta egungo gaztetxo euskaldunek ez dute halako eskaintzarik. Hartzen duzu EITB1eko eta EITB2ko ikusleen bilakaera eta gero Euskadi Irratiarena, eta bistakoa da jendeari gauza on bat ematen badiozu euskaraz hartzen duela, eta gustura. Niretzat, zure belaunaldian nabarmena izan zen kulturgintzak berak zer ekarpen egin zion euskalgintzari, nola lotu ziren modernitatea eta euskara; orain ere baditugu tresnak, norabidea behar da.

Zeinen artean eztabaidatu beharko lirateke aipatutako proposamen eta erronkak?

MUÑOZ: Hor badira auzi batzuk konpondu gabe daudenak. Administrazioaren eta kulturgileen arteko harremanak eginak daude aspalditik, eta nahiko sendoak dira —iaz 2.500 bilera izan ziren—. Baina aldatu behar dira hamar urtera begira? Bai. Badaudelako sektore batzuk ez dutenak antolakuntzarik —artista plastikoek, ondarearen ingurukoek...— eta beste alor batzuetan gehiegizkoa dagoelako —zineman hiru elkarte ditugu—. Gero eta gehiago, elkarteen gainetik egongo diren superelkarteak beharko ditugu. Eta agian baita transbertsalak ere, zeren kultura ez dira soilik sortzaileak. Museo bateko langilea ere kulturako profesionala da, eta gauza asko dauzka esateko. Ala soldatapean lan egiten dutenak ez dira sartzen? Autonomoak bai, baina beste lan bat badute ez? Hori perimetratu behar da, eta interlokuzio konplexuago batzuk sortu, jende gutxiagok ordezkatu dezan sektorea mahai konplikatuagoetan.

"Fase batean gaude non erabilera den gakoa, bai hizkuntzan eta bai kulturan. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero?"

Joxean Muñoz Otaegi. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkularia

GURRUTXAGA: Guk sortzaile eta interpreteak biltzen ditugu, eta beti esaten dugu bi bokazio ditugula: sindikatuarena, eta euskal kultur sistema osoaren osasungintzaren aldeko jarrera, ezinbestean. Egia da elkarte asko daudela, baina lan baldintzetan eragitea baino beste funtzio batzuk eman izan dizkietela beren buruei. Hor hutsune bat sentitzen zutelako sortu dute elkartea diziplina ezberdinetako sortzaileek.

MUÑOZ: Niretzat, zeharkakotasun hori da Lanartearen ezaugarri interesgarriena. Egin du hautu bat euskara hutsean dihardutenena, legitimoa, baina horrekin ez litzateke ahaztu behar badaudela alderdi sindikal hori duten beste elkarte batzuk ere, hor sakatu egiten dutenak. Guk gidoigileen elkartea sortu genuenean ere lanbiderako sortu genuen.

GURRUTXAGA: Bai, gure bazkide batzuk beste elkarte batzuetan ere badaude, eta erdaraz aritzen direnekin ere badugu harremana. Baina Lanarteak bai ematen dio bere buruari euskaraz ari diren sortzaileen gorpuzte hori, ezin dena aukera-berdintasunean balego bezala tratatu. Ez dira hala sentitzen. Eraikitzea da inportantea hemen, eta ez gara inoren aurka ari, euskaraz egiteko apustua egiten dutenen alde baizik, oraingoen eta etorriko direnen egoera ziurtatzeko. Gorputz hori mamutzen ari gara bestela.

MUÑOZ: Nik ikusten dut euskal sortzaileen bikaintasuna duela 40 urte amestu ere egingo ez genukeena dela gaur. Gizarteak horrekin duen atxikimendua da erronka nagusia, erabiltzen ez duenak ere izan dezan horren harrotasuna. Esaterako, Alemanian opera lekuak nonahi daude, baina sekula joan ez den jende askok ere argi eskatzen du ez ditzatela kendu.

Eta, hamar urte barru, zuek non egongo zarete?

MUÑOZ: Nik sorkuntza proiektuetan ikusten dut neure burua.

GURRUTXAGA: Nik galderak egiten, imajinatzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.