Bilboko Aste Nagusia

17.520 orduren ostean itzuli da Marijaia Bilbora

Bi urteko pandemiaren ostean, bueltan da Marijaia Bilbon. Itziar Lazkanok pregoia irakurri eta gero, eta Iratxe Palaciosek suziria piztu ondoren, hasi dira festak Bilbon.

Marijaia, gaur, Arriagako balkoian. ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko abuztuaren 20a
19:11
Entzun

Duela bi urtetik gaur arte pasatu diren ordu eta minutuak kontatu ditu Lazkanok pregoian; 2019ko abuztuaren 17an agertu zen Marijaia Arriaga antzokiko balkoira azkenekoz, eta 2020ko abuztuan berriro agertu behar zuen, baina ez zen posible izan; ezta iaz ere. Bi urte horiek, 17.520 ordu, edo 1.051.200 minutu, banaka zenbatu ditu pregoilariak, eta denbora horretan faltan izan dituzten txosnak, Gargantua, marmitako lehiaketa, jaia eta poza zerrendatu ditu. Denbora hori itxaron eta gero, aurtengoak hiru urteko festak izango direla aipatu du. Erasorik gabeko festak izan daitezela eskatu du, eta «dotoreak eta zoriontsuak» izatea espero duela erantsi.

Gaur hasi eta datorren igandera arte, ehunka ekitaldi egongo dira. Konpartsek egitarau zabala prestatu dute. Aste nagusia «nagusi» egin nahi zutela esan zuten konpartsek ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoan; guztira, 533 ekintza prestatu dituzte, eta horietatik 160 haurrentzat. Jai Batzorde Mistoarekin batera antolatutakoez gain. Aste Nagusiko ekitaldiak prestatzean, «ohi legez, kalitatea, doakotasuna, parte hartzea eta adin eta gustu denak asetzea» nahi izan dute konpartsek. Musika, gastronomia eta jolasak izango dira ekitaldi horietan, besteak beste. Bilboko Udalak ere prest du egitaraua.

Festetarako erasoen kontrako protokoloa ere prestatu dute konpartsek. «Berdintasunezko jaigune inklusiboa» eraiki nahi dute konpartsek, eta, horregatik, ez daude prest eraso matxistarik, arrazistarik edo LGTBI kolektiboaren kontrakorik onartzeko. Bilboko konpartsek protokolo bat dute zehazturik erasoren bat gertatuz gero nola jokatu jakiteko. Aspaldikoa da protokoloa, baina, aurten, indartu eta gaurkotu egin dute, eta nabarmendu dute federazioa osatzen duten konpartsen inplikazioa «gero eta handiagoa» dela auzi horren inguruan. Ziztaden auziari dagokionez, konpartsek protokoloaren aurkezpenean esan zutenez, horiek «erasotzat» jotzen dituzte, eta beste edozein eraso motaren aurka jokatzen den bezala jokatuko dute horrelakorik gertatuz gero, baina ez dute aparteko protokolorik osatu eraso mota horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.