Reala 1-4 Bartzelona

Hauspoak utzi dion bitartean eutsi dio Realak Bartzelonari

Atsedenaldira 1-1 iritsi dira, baina bigarren zatian erauntsi bat izan da Kataluniako taldea. Isakek sartu du Realaren gola, eta Lewandowskik (2), Dembelek eta Ansu Fatik, Bartzelonarenak.

Bartzelonako jokalariak gol bat ospatzen, gaur, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 22a
00:18
Entzun

1-4. Zalantza gutxirako tartea uzten du neurketaren emaitzak. Bartzelona erauntsi bat izan da gaur Anoetan, eta bigarren zatian aise menperatu du Reala. Berdinduta hasi da neurketa; lehen zatian Realak izan ditu aukerarik garbienak, baina azken orduerdian erabaki da neurketa. Denboraldiko lehen porrota da Realarentzat.

Imanol Alguacilek Cadizen zelairatu zuen hamaikako beraren alde egin du. Ezker hegalean egin behar izan du aldaketa bat, derrigorrez: Aihen Muñozek jokatu du lesionatua zen Diego Ricoren postuan.

Neurketa hasieratik jarri zaio maldan gora Realari. Balderen pase bat baliatuta, Lewandowskik 48. segundoan sartu du partidako lehen gola. Poloniarrak ligan sartu duen lehenengoa izan da, 34 urte bete dituen egunean. Azkar erakutsi du jokalari erabakigarria dela.

Berriz ere erabakigarria izan nahi duena, berriz, Alexander Isak da. Apiriletik golik sartu gabe zen aurrelari suediarra, eta gaur sei minutu soilik behar izan ditu bat sartzeko. Eta nolakoa, gainera: bikain lorarazi du baloia Ter Stegenen aurrean.

Neurketak erritmo zoroa izan du, joan-etorrikoa, eta, lehen zatian aukerak bi taldeek izan dituzten arren, Realarena izan da argiena. Aritzek jokaldia egin du eskuin hegaletik, atzera pasatu dio Silvari, eta Ter Stegenek erantzun ikusgarria eman dio haren erremateari. Neurketako geldiketa izan da.

Bigarren zatia, beste kontu bat

Bigarren zatiko lehen ordu laurdenean hobea izan da Reala, eta gola ere sartu du. Brais Mendezek falta bat erdiratu du, eta baloiak sareetan amaitu du, inork ukitu gabe, baina epaileak jokaldi baliogabe utzi du, Le Normandek jokaldian eragina izan duela argudiatuta.

Hortik aurrera, Reala atzetik baloia ateratzeko arazoak izaten hasi da, eta, Xavi Hernandezek aldaketak egin dituenean, neurketa zeharo aldatu da.

Ansu Fati eta Raphinha sartu ditu. Lehenengoak ukitu duen baloi bakoitza arriskutsu bilakatu du, eta horrela iritsi da Bartzelonaren bigarrena: orpoarekin bakar-bakarrik utzi du Dembele, eta frantziarrak ez du barkatu. Bigarrenean ere harena izan da Lewandowski bakarrik utzi duen pasea, eta azkenekoan alderantziz: Lewandowskik Fatiri, eta hark sareetara. Hamar minutuan, norgehiagokak ihes egin die txuri-urdinei. Hortik amaierara arte saiatu da Reala, baina bihotzarekin gehiago buruarekin baino.

Reala: Remiro; Aritz (Gorosabel, 78 min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino (Karrikaburu, 78 min), Mendez, Silva (Turrientes, 69 min); Kubo (Navarro, 69 min) eta Isak (Cho, 69 min).

Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Christensen, Eric Garcia; Balde (Raphinha, 64 min), Gavi (Kessie, 85 min), Pedri, De Jong (Sergi Roberto, 85 min); Dembele (Jordi Alba, 72 min), Ferran Torres (Ansu Fati, 64 min) eta Lewandowski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.