Autogintza

Volkswagenek produkzioa etengo du datorren astean, osagai faltagatik

Egun batez itxiko dute Landabeneko lantegia, irailaren 2an. Zuzendaritzak jarraipen batzordeari jakinarazi dio «auto osatugabeak» ekoizten aritu direla; 9.000, UGTren arabera.

VWen lantegia, Landabenen. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 26a
11:02
Entzun

Hornidura arazoak ez dira amaitu Volkswagen taldean. Zuzendaritzak jarraipen batzordea bildu du, eta jakinarazi dio «auto osatugabeak» ekoizten aritu direla. MIB osagaia falta zaie auto horiei —sakelakoen konektibitatea, ahotsaren ezagutza, nabigazioa, gurutzaldi abiadura eta larrialdietarako deiak kontrolatzen ditu—. UGTk zehaztu duenez, 9.000 auto osatugabe ekoitzi dituzte gaurdaino. Landaben bertan, Irañetan (Nafarroa) eta Santanderren (Espainia) gorde dituzte horiek.

MIB osagaien faltak ez du ekoizpena etenarazi. Ordea, orain direkzio zutabeak eta abiadura kaxak falta zaizkio Volkswageni, eta datorren irailaren 2an lantegia ixtea besterik ez zaie geratuko, 24 orduz. Aurten, bederatzigarrenez etengo dute ekoizpena osagai falta dela eta; aurretik, hiru egunez itzali zituzten makinak urtarrilean, bi egunez maiatzean, eta beste hiruz ekainean. Aldi baterako erregulazioan jarriko dituzte langileak ostiral horretan.

Volkswagenek espero zuen hornidura arazoak urte erdirako amaitzea, baina beren horretan diraute. Zuzendaritzak adierazi die sindikatuei «oporraldian hobera egin baino gehiago, egoerak oso ezegonkor» jarraitzen duela, eta tarte horretan amaitu gabeko autoak ekoitzi behar izan dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.