Futbola

Manchester United, Xeriff eta Omonia egokitu zaizkio Realari Europa ligan

E multzoan izango dira txuri-urdinak. Irailaren 8an hasiko da fasea, eta azaroaren 3an bukatuko.

jarraia217502.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 26a
13:41
Entzun

Reala E multzoan izango da Europako ligako multzoen fasean, hauek dituela aurkari: Manchester United, Xeriff Tiraspol (Transnistria) eta Omonia Nikosia (Zipre). Berriz izango du parez pare Ingalaterrako talde indartsua, duela bi denboraldi bezala; orduan, ez zen Anoetan izan joaneko partida, Turinen (Italia) baizik, pandemiaren aurkako neurriak tarteko. Orduko hartan, final-hamaseirenetan nagusitu zen Manchesterreko taldea, erraz nagusitu ere (joanekoan, 0-4, eta itzulikoan, Manchesterren, 0-0). 2013-2014ko aldian ere aurkari izan ziren, Txapeldunen ligan, multzoen fasean. Beste bi aurkariak apalagoak dira, itxuraz. Hala ere, Xeriffek badu emaitza sonatu bat Europan, aurreko sasoian Real Madrili irabazi baitzion Txapeldunen Ligako multzoen fasean.

Multzoen fasea irailaren 8an hasiko da, eta inoiz baino lehenago bukatu, Munduko Kopa dagoelako udazkenean Qatarren. Azaroaren 3an izango da azkena multzoen faseak. Lehen sailkatuak zuzenean egingo du jauzia final-zortzirenetara, eta bigarrenak kanporaketa jokatu beharko du Txapeldunen Ligako multzoen fasean hirugarren geratu den talde baten aurka.

Manchester United eraberritze prozesuan dago sartuta. Azkeneko sasoiak ez dira distiratsuak izan, nahiz eta baduen lorpen nagusi bat: irabazi egin zuen Europa liga 2017an. Duela bi denboraldi finalera heldu zen berriz, baina ez zuen irabazi. Entrenatzaile eta jokalari dantza handia ari da izaten azken boladan, Sir Alex Fergusonek utzi zuenetik. Orain, egitasmo berri baten abiapuntuan, Erik Ten Hag herbeheretarrari eman diote ardura, Ajaxeko gidari ohiari. Izar festa handia dauka: Cristiano Ronaldo, Bruno Fernandes, Casemiro fitxatu berria, Eriksen eta Marcus Rashford, besteak beste. Ingalaterrako ligari ez dio bete-betean ekin, hiru puntu bakarrik dituelako beste horrenbeste jardunaldi jokatuta. Irabazitakoa ez zen edozein garaipen izan, Liverpool hartu zuelako mendean astelehenean.

Xeriff Tiraspol aurreko sasoian egin zen ezagun, Real Madrilen aurkako partida hartan. Berria da kluba, 1997an sortu zuelako Xeriff segurtasun enpresak. Transnistriak 1990ean egin zuen Moldaviatik independente izateko hautua, baina nazioarteak ez zion onartu. Horrenbestez, Moldaviako ligan aritzen da. Entrenatzailea Stjepan Tomas kroaziarra da, eta Stadionul Xeriff estadioan jokatzen du (14.300 ikusle). Baina Realak ez du hura ezagutuko, UEFAK bertan jokatzea debekatu ziolako ekainean, Ukrainako gerragatik(mugakidea da Moldavia). Herrialde horretako hiriburuan jokatzen du, Chisinaun. Hainbat herrialdetako jokalariak dauzka taldean: brasildarrak, greziarrak, errusiarrak, kamerundarrak, ghanatarrak... Palmares oparoa du Moldaviako txapelketetan.

Omonia Nikosiak ibili luzeagoa du Europan, sortu ere aspaldi sortu zelako: 1948an. Henning Berg norvegiarra da entrenatzailea, eta etxeko partidak GSP Stadiumen jokatzen ditu (22.859 ikusle). Xeriffek bezala, herrialde askotako jokalariak ditu: brasildarrak, espainiar bat, txekiarra, ingelesak, galestarrak... Garaipen sorta handia dauka Zipren, eta herrialdeak XX.mendean izandako talderik onen izendatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.