Ingurumena

Bilboko Portuko biodesel biltegi batek su hartu du

Ke beltzezko zutabe handi bat sortu da, eta urrutitik ere ikusteko era izan da; sutea kontrolpean dagoela esan dute

arantxa iraola
2022ko abuztuaren 27a
21:44
Entzun

Bilboko Portuko instalazioetako biodiesel biltegi batek su hartu du gaur arratsaldean, eta ke beltzezko zutabe handi bat sortu da. Sare sozialen bidez eta hainbat argazki zabaldu dira eta, erakutsi dute, urrutitik ere ikusi egin dela zutabea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, sutea 19:45ak aldera hasi da, beste gasolina biltegi batetik gertu, baina ondoko horrek ez du su hartu, garrak ez direlako bertara heldu. Bizkaiko suhiltzaileak berehala hurbildu dira portura, eta, 21:00ak alderako sua kontrolpean izatea lortu dutela jakinarazi dute hainbat hedabidek. Albiste agentzien arabera, hori bera baieztatu dute suhiltzaileek ere gaur 21:30ean.

Zabaldu den informazioaren arabera, su hartutako deposituaren ondoko gasolina depositua hoztea ere izan dute eginkizun suhiltzaileek, sugarrek hori ere kaltetu ez dezaten.

Halakoetarako ezarritako segurtasun protokolo guztiak aktibatu dira, bai Bilboko Portuko barrukoak, bai kanpokoak, eta ibilgailuen zirkulazioa eten egin da AP-8an eta tokiko hainbat errepidetan, ibilgailuak portuko instalazioetara hurbil ez daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.