Cadiz 0-4 Athletic

Athleticek Aste Nagusiari jarraipena eman dio Cadizen

Aise nagusitu zaio Cadizi. Iñaki Williams, Guruzeta eta Berenger izan dira goleatzaileak. Gainera, Iñaki Williamsi penaltia gelditu dio Ledesmak.

jarraia217598.jpg
Iñaki Berastegi.
2022ko abuztuaren 29a
22:35
Entzun

Jokoa eta emaitza. Bi gauzak batzeko gai izan da Athletic Mirandilla Berria futbol zelaian. Partida osoa jokatu du Ernesto Valverderen taldeak, eta hasi eta buka nagusi izan da Cadiz txiki baten aurka. Iñaki Williamsek lehen zatian aurreratu du Athletic, eta bigarren zatian Guruzetak sartutako bi golek eta Berengerren golak osatu dute festa. Hainbestekoa izan da nagusitasuna, zuri-gorriek ez dutela faltan bota Williamsek lehen zatian huts egindako penaltia.

Badirudi Europako lehiaketak jokatzea helburua dela argi esateak mesede egin diola Athletici, Valverderen mutilek ondo baino hobeto ekin diotelako txapelketari, aurreneko bederatzi puntuetatik zazpi poltsikoratuta. Gainera, lehenengo hiru jardunaldietan ez dute gol bakar bat ere jaso. Garaipen honi esker, Ernesto Valverde da Athleticekin garaipen gehien eskuratu dituen bigarren entrenatzailea: 177 lortu zituen Mr. Pentlandek, eta 142 ditu Valverdek.

Hasi eta berehala nagusi zen Athletic. Hala, hirugarren minutuan iritsi da zuri-gorrien lehen aukera: Berengerren falta jaurtiketa bere atean sartzeko zorian izan da Negredo, baina Ledesma atezainaren geldiketak ekidin du lehen gola. Eroso zegoen Ernesto Valverderen taldea, nahieran ia, Cadizek ez zuelako inongo arriskurik sortzen. Izan dituen lehen bi aukerak huts egin eta gero, Iñaki Williamsek ez du hirugarrenean kale egin. 17. minutuan Arzamendiak atzera egindako pasea Iñaki Willamsi iritsi zaio, keinu on batekin Ledesma gainditu eta baloia sareetara bidali du: 0-1.

Nahi eta ezin aritu da lehen zati osoan Sergio Gonzalezen taldea. Hainbeste, ia zelai erditik igarotzeko gai ere ez dela izan. Markagailuan zuen aldea bikoizteko aukera paregabea ere izan du Bizkaiko taldeak, Espinok eskuagatik egindako penaltia adierazi baitu 33. minutuan Ortiz Arias epaileak. Iñaki Williamsek jaurtitako penaltia, ordea, Cadizeko atezainak gelditu du. Aldageletara, azkenerako, merezitakoa baino sari txikiagoarekin.

Bigarren zatiko lehen aukera Negredok izan arren, Athleticek nagusi izaten jarraitzen zuen. Min hartutako Iñaki Williamsen lekuan zelairatu eta berehala, hiru minutura, Gorka Guruzetak bere aukera baliatu du 0 eta 2koa egiteko. Lekueren pasea gaizki kontrolatu arren, aurrelari donostiarrak area ertzetik egindako jaurtiketa indartsuak ezustean harrapatu du Ledesma. Guruzetak Atheleticekin Lehen Mailan sartzen duen lehen gola da.

Hirugarrena Berengerrek 78. minutuan sartu du, De Marcosek eskuin hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuta. Eta amaitzeko, Sergioren taldeak erabat amore eman duela aprobetxatuz, Guruzetak bere gaueko bigarren gola sartu du neurketako azken minutuan. Aitor Paredesek ere lehen taldearekin debuta egiteko aukera izan du. Beraz, Bilboko Aste Nagusiak jarraipena izan du Cadizen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.