Eusko Jaurlaritza

Urkulluk garai «zaila» iragarri du, «katastrofismorik» gabe

Jaurlaritzak «erantzukizun osoz» jokatuko duela ziurtatu du lehendakariak. Aurrekontuei dagokienez, lehentasuntzat jo ditu osasungintza, hezkuntza eta gizarte babesa indartzea, enplegua sustatzea, eta suspertze ekonomikoa bultzatzea. Espainiako Gobernuak eman gabeko eskumenez kexatu da.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gobernu bileraren osteko agerraldian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 30a
16:43
Entzun

«Udazkena eta negua zail datozkigu», adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu Kontseiluan. Gizartearen egoera orokorraz mintzatu da lehendakaria. Haren erranetan, agintaldiaren lehenbiziko erdia pandemiak markatu du. Bigarrena, berriz, Ukrainako gerrak eta haren ondorioek baldintzatuko dute. Hala ere, nabarmendu du ez duela mezu «katastrofistarik» helarazi nahi, «errealismoan» oinarritutakoa baizik. Azpimarratu duenez, etorkizunean edozer gertatuta ere, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzen jakinen du, «erantzukizun osoz».

Pandemiari dagokionez, egungo egoera joan den urtekoa baino «hobea» dela adierazi du Urkulluk. Horren erakusgarri diren zenbait adibide eman ditu: ospitaleratzeek behera egin dutela, herritarrek aisialdiaz gozatu ahal izan dutela uda partean, eta turismoa eta festak berreskuratu direla. «Euskal gizarteak merezi zuen», gehitu du.

Osasunaz ez ezik, bertze zenbait zerbitzu publikoz ere mintzatu da lehendakaria. Hala nola hezkuntzaz eta gizarte babesaz. Hezkuntzari dagokionez, aurtengo ikasturtea aurreko urteetakoak baino «lasaiago» hasiko dela aurreratu du. Gainera, adierazi du orain arteko baliabide gehigarriei eutsiko zaiela, betiere hezkuntzaren kalitatea hobetzea helburu izanik. Lehendakariak garbi utzi du hezkuntza hitzarmena «sendotzea» ere baduela xede: «Irailean bertan lege asmoaren lehen proposamena onartuko dugu».

Gizarte politiken alorrean, Urkulluk adierazi du esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren alde eginen dutela hemendik aitzinera ere. «Inflazioaren eta energiaren kostuaren bilakaera izan dugu beti kontuan», gehitu du.

Kontingentzia planean lanean

Azken bi gai horiek behin baino gehiagotan azpimarratu ditu lehendakariak solasaldian. Horrekin lotuta, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak kontingentzia planaren proposamenean lanean jarraitzen duela. Aste honetan Espainiako Gobernuari planaren behin betiko dokumentua bidaliko diotela argitu du. «Gure helburua da abian ditugun hamazazpi laguntza programak zabaltzea eta indartzea, betiere energia gutxiago erabiltzeko ohiturak eta prozedurak sustatzeko», nabarmendu du lehendakariak. Izan ere, inflazioa %10 ingurukoa da oraindik, energiaren, elikagaien, elektrizitatearen, gasaren eta erregaien garestitzea dela medio.

Jaurlaritzak plan propioa prestatu badu ere, bide zuzena «adostasuna» dela nabarmendu du lehendakariak. Europako Batzordetik hasi eta estatu kideetako gobernuetaraino. Gakoa mundu osorako pentsatzea eta tokian tokiko ekintzak egitea dela zehaztu du.

Aurrekontuak ere izan ditu hizpide lehendakariak. Erran du espero duela «agertoki berri honetako» erronkei aurre egiteko modukoak izatea, eta hiru lehentasun markatu ditu: osasungintza, hezkuntza eta gizarte babesa indartzea; enplegua sustatzea, eta suspertze ekonomikoa bultzatzea.

Eskumenez ere aritu da Urkullu, baina ez dio heldu estatus berriaren inguruko eztabaidari. Gernikako Estatutuaz hitz egin du, eta autogobernuan «aurrerapenak» egin beharra azpimarratu. Beharrezkotzat jo du egungo egoerari aurre egiteko. Hala ere, kritikatu du aurrerapenik ez dela egon Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari eman beharreko eskumenetan; erraterako, bizitzeko gutxieneko errentarenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.