Eskola sartzea

Itzuli dira eskolara

Ipar Euskal Herriko ikasleek sartze eguna dute egun. Seaskarentzat «erronka handiko» urtea izanen da: batetik, ikasle kopurua emendatu da; bestetik, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen segituko dute.

Baionako Oihana ikastolako klase bat, goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko irailaren 1a
15:39
Entzun

Eskolarako bidea hartu dute berriz Ipar Euskal Herriko ikasleek udako bakantzen ondotik. Bi ikasturtez, COVID-19aren pandemiaren neurriek baldintzatu dute eskolako bizia; baina, aurten, protokolorik gabe egin dute sartzea. Hiru hezkuntza sistemetako haurrak hasi dira berriz lanean, eskola publikoetan, pribatu katolikoetan zein ikastoletan. Ikastoletan, hain zuzen, «erronka handiak» izanen dituztela azpimarratu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Jorajuriak azaldu du aurten 100 bat ikasle gehiago izanen direla Ipar Euskal Herriko ikastoletan, eta «desafio» handia izanen dela. Halere, ez dute ikastola berririk irekiko; azkena iragan ikasturtean ireki zuten, Beskoitzen (Lapurdi). Baina proiektu handi bat du Seaskak abiaturik: bosgarren kolegioa eraikitzen hasiak dira, Senperen (Lapurdi).

Bestalde, azterketak euskaraz pasatu ahal izateko eskubidea aldarrikatzen segituko dute, ikasturte hasieratik. Izan ere, iaz borroka handia eramanik ere, ez zuten lortu aspalditik eskatzen duten eskubidea. Irailaren 14an biltzekoak dira Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroaren kabinetearekin Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.