Alardea

Desfile parekidearen alde elkar hartuta

Guztion Alardeak egindako deialdiari erantzunez, argazki jendetsu bat egin dute gaur arratsaldean Hondarribian; «mugarria» izango dela esan dute

arantxa iraola
2022ko irailaren 2a
20:08
Entzun

Alarde parekidearen aldeko keinu esanguratsua egin du gaur arratsaldean Hondarribian (Gipuzkoa) Guztion Alardea elkarteak; ehunka pertsona elkartu ditu Gernikako Arbola plazan, argazki jendetsu batean. Han batutakoek alardearen auzirako konponbide bat eskatu dute, eta alardeak ezinbestean «guztiona eta guztiontzat» izan behar dutela adierazi dute.
Batu diren pertsona askok nabarmendu dute irudiaren indarra, jende asko eta askotarikoa elkartu delako argazkirako; orain artean banatuta egondakoak ere batu dira. «Orube amankomun bati» buruz mintzatu den jendea ere izan da. Antolatzaileek poza adierazi dute ekitaldiak izan zuen segidarengatik, eta gatazkaren konponbidean «mugarria» izango dela uste dute. Ez dute adierazpenik egin, izenik ere ez dute eman nahi izan, baina ohar bat leitu dute. Nabarmendu dute ekitaldian «sentsibilitate ezberdinetako» herritarrak batu izana. Instituzioei ere zuzendu zaizkie, bereziki Hondarribiko Udalari. Uste dute «irmoki, seriotasunez eta pauso zehatzak emanez» murgildu behar duela gatazkaren konponbidean.
Mende laurdena bete zen iaz Irun eta Hondarribiko andreek alardean gizonen pare desfilatzeko ahalegina lehen aldiz egin zutenetik. Kontrako erantzun bortitza jaso zuten orduan, eta egun udalerri bietan alarde bakar eta parekide bat egiten ez dela ikusteak argi erakusten du oraindik behar bezala bideratu gabeko auzia dela. Konponbide bat lortzeko bidean garrantzitsua izan zen Guztion Alardea taldea 2019an Hondarribian eratu izana, andrerik onartzen ez duten konpainien inguruetan dabiltzan hainbat pertsonak osatu baitzuten.
Elkarte horrexek aurten jakinarazi du 64 andrek, izen eta abizenekin, eskakizuna egin dutela alardean gizonekin batera irteteko; alarde baztertzailearen antolatzaile Alarde Fundazioaren eta Hondarribiko Udalaren atea jo dute horretarako. Esperantza piztu zuen jakinarazpen horrek. Berriki elkarteak adierazi du, ordea, emakume horiek ez dutela jaso espero zuten erantzuna. Hain justu ere, fundazioak adierazi die ez dutela aintzakotzat hartu beren eskea: Hondarribiko Udalak, berriz, erantzun ere ez die egin. Horiek horrela, gaur arratsaldeko ekitaldian onartu dute aurten alardea ez dela izango «herri guztiaren ospakizun handia», baina horren alde borrokan jarraitzeko asmoa dutela. Jaiak eta gero, berandu baino lehen, «elkarrizketa mahai bat» martxan nahi dute: «Gatazkarik gabeko alardea berreskuratu behar dugu, herritar guztiona eta guztiontzat izango dena».
Ezin banatu
Lehendik ere, alarde bakar baten aldeko hautua argi utzi dute Guztion Alardea taldeko ordezkariek behin baino gehiagotan. «Gure aitona-amonek hondarribiar guztioi utzitako ondare kuttuna da alardea. Horrela, emakumearen parte hartzea ukatzeagatik,desfilea zatitzea, ondare immaterial horren aurkako jarrera arduragabea dela iruditzen zaigu», adierazi zuten atzoko ekitaldirako deia egiteko atera zuten oharrean. «Adierazi nahiko genuke badagoela mendeetan zehar Hondarribiko alardeak aldatu ez duen ezaugarri nagusi bat,bere izateari zentzua ematen diona: herriaren kohesio eta batasunaren ikur izatea alegia», goraipatu zuten.
Zentzu horretan, atzoko argazkiaren trinkotasunak eta zabaltasunak lagun dezakete. Irailaren 8an da alardea. Ondoren zer gertatzen de ikusi beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.