Osasuna 2-1 Rayo

Osasunak azken unean sartu du garaipenaren gola

Ez Abde debutariaren jokaldi eder bati esker sartu du gol erabakigarria Ruben Garciak, 89. minutuan. Etxean hirutik hiru irabazi ditu Osasunak.

Ruben Garcia, gaur, bere gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
2022ko irailaren 4a
17:27
Entzun

Sadarren garaiezin izaten jarraitzen du Osasunak. Jagoba Arrasateren taldeak hiru neurketa jokatu ditu etxean, eta hirurak irabazi ditu. Gaur, ondo sufrituta: azken unean Ez Abde debutariak egindako jokaldi zoragarri bati esker sartu du garaipenaren gola Ruben Garciak. Aurrez, Aimar Orozek sartu du gorritxoen lehen gola.

Lehen zatian bi taldeek izan dituzte golerako aukerak. Osasunak izan du baloi jabetza, neurketa kontrolpean ere bai ia une oro, baina Sergio Herrerak izan du lana. Ez, ordea, Dimitrivskik bezainbeste; aukera garbiak izan dituzte Aimar Orozek eta Chimy Avilak. 0-0.

Lehenengoan ez, baina bigarrenean asmatu du harrobiko jokalariak: zelairatu berri zen Brasanacen pase bikain bat baliatu du Osasunaren lehen gola egiteko. 55. minutua zen.

Jarraian estutzen hasi da Rayo; lehenik, Nacho Vidalek egindako penalti bat eskatuz, eta, gero, gola sartuz. Faltaz sartu du Lejeunek, iaz Alavesen jokatzen zuen atzelariak, 74. minutuan.

80. minutuan egin du zelaira salto Ez Abdek, Bartzelonatik utzita iritsi berri den jokalariak, eta erabakigarria izan da Arrasateren erabakia. Gaztearen jokaldi gogoangarri batek erabaki du neurketa, 89. minutuan.

Gaurko garaipenari esker, bederatzi puntu ditu Osasunak; lau jardunalditan hiru garaipen eta porrot bat eskuratu ditu.

Osasuna: Herrera; Vidal, Juan Cruz, David Garcia, Unai Garcia; Moncayola (Pablo Ibañez, 80'), Torro (Brasanac, 51'), Moi Gomez (Kike Garcia, 80'), Chimy Avila (Ruben Garcia, 71'), Aimar Oroz; eta Budimir (Abde, 80').

Rayo: Dimitrievski; Fran Garcia (Chavarria, 90'), Lejeune, Catena, Balliu; Ciss, Trejo, Salvi (Isi, 45'), Valentin (Comesaña, 71'), Alvaro Garcia; eta Camello (Falcao, 80').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.