ALMERIA 0-1 OSASUNA

Osasunak aparretan jarraitzen du

Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak irabazi egin du Almerian (Espainia). Chimy Avilak sartu du partidako gol bakarra. Hamabi puntu lortu ditu lehen bost jardunaldietan: inoiz ez da horren ondo hasi Espainiako Lehen Mailan

Osasunako jokalariak, Chimy Avilak sartutako gola ospatzen. CARLOS BARBA / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 12a
23:05
Entzun

Ikusgarri dabil Osasuna denboraldi hasiera honetan. Bost jardunaldi jokatuta, hamabi puntu ditu. Laugarrena da sailkapenean, Betisekin, hirugarrenarekin berdinduta. Bartzelona eta Real Madril ahaltsuak bakarrik ditu aurretik.

41. denboraldia du talde gorritxoak Espainiako Lehen Mailan, eta inoiz ez dio horren ondo ekin lehiari. Gehienez hamar puntu lortu zituen; bitan: 2003-2004ko eta 2004-2005eko denboraldietan. Baina sasoi honetan marka guztiak apurtzen ari da Jagoba Arrasatek entrenatutako taldea.

Osasunari ezer gutxi ahal zitzaion leporatu gaur arte. Aurreko denboraldian ez bezala, sendo ari zen Sadarren —aurreko sasoian puntu gehiago lortu zituen etxetik kanpo etxean baino—. Hiru partida jokatu zituen, eta hiruak irabazi zituen: Sevillaren (1-0), Cadizen (2-0) eta Rayo Vallecanoren aurka (2-1). Behin bakarrik aritu zen Iruñetik urrun, eta galdu egin zuen: 1-0 Betisen aurka. Zerbait eskatzekotan, etxetik kanpo ere punturen bat urratzea eska zekiokeen. Eta hori ere egin du gaur. Saririk handiena eskuratu du: garaipena, eta hiru puntuak. 0-1 irabazi du Almerian (Espainia).

Parekatua izan da partida, baina 27. minutuan Chimy Avilak desorekatu du lehia. Aurrelari argentinarrak baloi bat harrapatu du area barruan, eta ez du barkatu. Hirugarren gola du.

Golak jota utzi du Almeria, eta Osasunak aukera izan du atsedenaldira iritsi aurretik partida erabakita uzteko. Ante Budimirrek eta Lucas Torrok aukera bana izan dute: aurrelariak gora bota du baloia, eta erdilariak, zutoinera. Ruben Garciak, berriz, gola sartu du lehen zatiaren hondarrean, baina epaileak baliogabetu egin du, VAR-a begiratu ondoren. Erdilariak baloia eskuarekin ukitu duela adierazi du.

Bigarren zatian, gogotsu zelairatu da Almeria, berdinketaren bila, baina Osasunak azkar kendu du gainetik etxekoen presioa. Are gehiago, Chimyk gertu izan du bigarren gola 55. minutuan. Bakarrik geratu da Fernando Pachecoren aurrean, baina atezainak hankarekin desbideratu du baloia. Beste lau aukera izan dituzte gorritxoek bigarren gola sartzeko, baina ez Chimyk, ez Budimirrek, ezta zelairatu berri den Ez Abdek ere ez dute asmatu azken errematean. Almeriak, berriz, ez du askorik estutu, eta ez da aukera garbi bat sortzeko gai izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.