«Maila anitzeko gobernantza eredua» proposatu du Urkulluk Europako migrazio politikan

Urkulluk migrazioaren politika arloa zehaztuko duen «tresna juridiko» bat garatzeko ordua dela uste du.

Gaurko kongresuaren irudi bat, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. IREKIA
iraia vieira gil
2022ko irailaren 16a
16:46
Entzun

Pertsona migranteen «segurtasuna» eta «ongizatea» bermatzeko, «maila anitzeko gobernantza eredua» proposatu du Iñigo Urkulluk, Europa mailan. Hain zuzen, Europako Elkartasun Kidegoak Bilbon antolatutako migrazio politiken inguruko jardunaldietan, «giza eskubideak zorrotz errespetatzeko» eta «familiarik gabeko haur eta nerabeak babesteko» beharra azpimarratu du lehendakariak.

Gobernantza eredu hori garatzeko, berriz, Europako Batasunaren, Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen arteko elkarlana ezinbestekoa dela uste du Urkulluk. «Migrazioaren arloa zehaztuko duen tresna juridiko bat garatu nahi dugu». Horretarako, Europak «guztiz» aldatu behar duela azpimarratu du: «Politika bateratu bat onartu behar du, babes eta etorkizun berri baten bila datozen pertsonak behar bezala hartzeko». Euskal Herria bera «herrialde migratzailea» izan dela gogorarazi du lehendakariak, eta ezagutzen dituela zeintzuk diren «toki berrietan integratzeko zailtasunak».

Euskal Herriak errealitate berrietara egokitzen diren erabakiak «elkarrizketaren eta akordioen bitartez» hartu izan dituela ere nabarmendu du Urkulluk; hain zuzen, «instituzioen eta hirugarren sektore sozialaren arteko akordioen bitartez». COVID-19ak utzitako ondorioek eta Errusiaren eta Ukrainiaren arteko gerrak, baina, egoera aldatu dute eta, Urkulluren esanetan, eraso xenofoboak handitu egin dira. Gauzak horrela, migratzaileengan fokua jartzen duten harrera eredu «humanitario, proaktibo eta inklusiboak» hasi dira ezartzen.

Izan ere, eta Urkulluk eman dituen datuen arabera, atzerritik datozen pertsona gehienak Euskal Herrian geratzen dira bizitzen. «Euskal gizartea plurala da oso». Aniztasunean omen dago, lehendakariaren arabera, gakoa: «Aniztasuna hoberen kudeatu duten herrialdeak dira, egun, munduko herrialderik garatuenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.