Osasuna 0-2 Getafe

Osasunak galdu egin du Getaferen aurka Sadarren

Denboraldi honetan etxean izan duen lehen porrota da. Juan Iglesias eta Gaston Alvarez izan dira golegileak, eta Chimy Avilak txartel gorria ikusi du 43. minutuan.

Chimy Avila, gaur, txartel gorria ikusi duen unean. JESUS DIGES / EFE
2022ko irailaren 18a
17:16
Entzun

Amaitu da magia Sadarren. Orain arte, Osasunak jokoan izandako puntu guztiak poltsikoratuak zituen etxean, baina Getafek eten du bolada ona. Euskal taldeen borrero bilakatu da Madrilgo taldea; bi neurketa soilik irabazi ditu aurtengo ligan: joan den astean Realaren aurka, eta oraingoan Osasunaren aurka. Juan Iglesias eta Gaston Alvarez izan dira golegileak.

Almerian garaipena lortu zuen hamaikako bera zelairatu du Jagoba Arrasatek. Hasieratik nabaritu da Osasuna ez zegoela eroso, Getafe atzealdean erakusten ari zen sendotasuna tarteko. Hala, kontraerasoak baliatzen saiatu dira bisitariak.

Lehen minutuetan bi taldeek izan dituzte markagailuan aurretik jartzeko aukerak, Getafeko Mayoralek eta Unalek lehendabizi, eta Osasunako Ruben Garciak eta Brasanacek ondoren. Zutoinak eta David Soriak eragotzi dute Osasunaren gola.

Azkenean Getafek asmatu du. Nacho Vidalek ez du asmatu Mayoralen pase bat urruntzen, eta bikain baliatu du aukera Juan Iglesiasek gola sartzeko; Sergio Herreraren hanken artetik sareetara bidali du baloia. 30. minutua zen.

Hamar minutu geroago, berriz ere Iglesias protagonista. Sarrera oso zatarra egin dio Chimy Avilak Getafeko jokalariari, eta epaileak, jokaldia VAR-ean ikusi ostean, zuzenean kalera bidali du aurrelari argentinarra. Neurketa maldan gora zuela iritsi da Osasuna atsedenaldira.

Bigarren zatia zaila izan da Osasunarentzat; nabaritu da zelaian jokalari bat gutxiago zuela. Ez du inork kontrolatu jokoa, eta futbol gutxi ikusi da. Azkenean, geldikako jokaldi bat baliatu du Getafek neurketa erabakita uzteko: Arambarrik erdiratu du baloia, Duartek luzatu, eta Gaston Alvarezek errematatu. Neurketaren amaieran txartel gorria ikusi du Getafeko Luis Millak.

Sailkapen nagusian 12 puntu ditu Osasunak, eta behin-behinean bosgarren postuan dago.

Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal (Ruben Peña, 56'), Unai Garcia, David Garcia (Manu Sanchez, 76'), Juan Cruz; Torro, Brasanac (Moncayola, 67'), Ruben Garcia (Abde, 56'); Chimy Avila, Moi Gomez eta Budimir (Kike Garcia, 76').

Getafe: David Soria; Damian Suarez, Duarte, Mitrovic, Gaston Alvarez (Revuelta, 93'), Juan Iglesias; Arambarri, Aleña (Seoane, 93'), Maksimovic (Luis Milla, 62'); Mayoral (Munir, 62') eta Enes Unal (Mata, 81').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.