Enpresa

BAT dorrea martxan jarri dute, lehen lau solairuak %80 beteak dituela

Euskal Herrian aurretik errotutako 30 enpresa eta 40 ‘start-up’ dira ekintzailetza zentroaren lehen maizterrak

BAT ekintzailetza zentroan kokaturiko enpresa bateko langileak bilera bat egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 19a
17:46
Entzun

BAT Accelerator dorrea martxan hasi da, lehen lau solairuetako bulegoen %80 beteak dituela. Bilboko Bizkaia dorrean —Lehen BBVA dorrea zena— dagoen ekintzailetza zentroa da. Egun 30 enpresek dute bulegoa bertan, gehienak Euskal Herrikoak eta aurretik Bilbon erroturikoak, 40 start-up eta «mundu akademikoko» 50 eragile. Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren bultzada ekonomikoarekin sorturiko zentroa Price Waterhouse Coopers (PxC) aholkularitza enpresak kudeatuko du, Talent Gardenekin lankidetzan.

«Bere garaian enpresa ekintzaile batzuk egin zuten handi lurralde hau, eta orain ekintzaile belaunaldi berri bat behar dugu». Iñigo Urkullu Lehendakariak hitz horiekin eman dio ongietorria BAT zentroari. Baina zer da zehazki BAT zentroa? Bizkaia dorreko zortzi solairu -seigarrenetik hamahirugarrenera, Primark arropa dendaren gainean- hartuko dituen «nazioarteko ekintzailetza zentro» bat da. Egun lau solairu daude erabilgarri, eta «hurrengo urtean» hasiko dira beste laurak egokitzeko lanekin.

Inaugurazio ofiziala goizean izan zen, hala moduzkoa hura ere. Urkulluk ez ezik, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gonzalo Sanchez PwCko presidenteak ere hartu zuten hitza. Hedabideak deitu dituzte, baina kazetariek ezin izan dute azpiegitura bisitatu. Zuzenean eraman dituzte seigarren solairuko ekitaldi aretora, eta galderarik gabeko aurkezpen bat antolatu dute. Dorreko kudeatzaileekin edo maizterrekin hitz egitea ezinezkoa zen halaber.

Erakundeek eta kudeatzaileek nazioarteko zentroa izatea nahi dutela nabarmendu zuten, baina bertan dauden lehen enpresa gehienak euskal jatorrikoak dira. Bertan egongo dira, besteak beste, BBK eta BBVA bankuak, Euskaltel, Iberdrola, Mondragon taldea eta Tubacex. Deigarria da Retabet apustu etxea ere BATen egongo dela. Lehen 40 start-up-ei dagokienez, hainbat arlotakoak daude. Gehienak iragan hilaren 5etik daude dorrean.

Fiskalitatea hizpide
Urkulluk bokazio ekintzailea sustatzeko «euskal ekosistema» bat sortzearen garrantzia nabarmendu du. Norabide horretan 400 milioi euroko «ahalegin fiskala» egiteko prest dagoela zehaztu du. Ekosistema horrek sendoa, lehiakorra, komunikabide onekin loturikoa eta erakargarria izan behar duela azaldu du. Alde horretatik «ekintzailetza sustatuko duen fiskalitatea» goratu du.

Zerga politikari eginiko erreferentzia ugari egon dira aurkezpenean, lau hizlariek aipatu baitute. Rementeriak «fiskalitate ausart» baten premia defendatu du; Sanchezek, berriz, esan du Bizkaiko «inguru fiskala» egokia dela horrelako egitasmo bat bultzatzeko, eta «palanka fiskalak» aipatu ditu. Aburtok ere egin die aipamena, baina hark erakundeen arteko elkarlana goratu du gehiago, baita Bilbok duen komunikazio sarea ere. Aireportua izendatu du, eta AHTa «aurki» iritsiko dela aurreratu.

Eriz Sainz Gurtubai da BATen zuzendaria. PwCek aukeratu zuen kargurako, eta haren albokoa izango da Jordan Guardo. Guardok zazpi urte egin ditu Bilboko udaleko aholkulari gisa. PwCek lehiaketa publiko bitartez lortu zuen kudeaketa. 18,8 milioi euroko eta hamabost urteko kontratua da. Impact Hub Ingalaterrako enpresak helegitea jarri zion erabakiari, baina gero bertan behera utzi zuen, PwCrekin akordio bat lortu ondoren.

Bestalde, Bilboko EH Bildu taldeak gogor kritikatu du udalak Bizkaia dorrean eginiko inbertsioa. Koalizio abertzalearen arabera, udalak, guztira, 26,5 milioi euro gastatu ditu dorrean. Nabarmendu du bilbotarrei «oso garesti» irtengo zaiela egitasmoa, eta gastu hori «gardentasunik gabe» eta «justifikaziorik gabe» egin dela salatu du.

Nortzuk dira jabeak?
Bizkaia dorreak hogeita bat solairu ditu. Lehen seietan Primark arropa denda dago; hurrengo zortzietan, BAT zentroa, eta beste guztiak Bizkaiko Aldundiak alokatuta dauzka. Alokatuta? Bai, dorrearen jabea pribatua baita, eta erabiltzaileek errenta ordaintzen dute. Dorrearen aurreko jabea BBVA zen, eta 2018an Angelo Gordon inbertsio funtsari saldu zion, 100 milioi euroren truke. Funts horrek, berritze lan batzuk egin, eta Beraunberri eta Onchena funtsei saldu die aurten. Galindez eta Ibarra familien funtsak dira horiek, eta 165 milioi euro ordaindu dituzte eraikinaren truke. Bizkaiko Aldundiak erosteko aukera izan zuen, baina uko egin zion. Jabeek Torre Bizkaia SA enpresa sortu dute hura kudeatzeko. Cronicavasca hedabide digitalak argitaratu zuenez, enpresa horrek Madrilen du zerga helbidea, eta han ordaintzen ditu zergak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.