Patronala

Adegik «sakrifizioa» eskatu die langileei ere, «okerraldia» iritsi baita

Konfiantza jaitsi egin dela esan du Gipuzkoako patronalak, eta enpresa osatzen duten guztiak «batera» aritzera deitu ditu. Konfiantzak «nabarmen» jaitsi arren, datu ekonomikoak ez dira oraingoz askorik hondatu.

Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendaria, Eduardo Junkera presidentea eta Patxi Sasigain Lehiakortasun arduraduna. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2022ko urriaren 5a
12:05
Entzun

Adegi Gipuzkoako patronalak ez du batere argi ikusten etorkizun hurbila, eta, enpresarien konfiantzak «nabarmen» behera egin duela oinarri hartuta, mezu ezkorra helarazi du: «Okerraldia iritsi da». Konfiantza indizeak jaisteak ez ditu ezinbestean erakusle okerrak ekartzen, ordea, eta Adegik jakinarazitako kopuruak ez dira gehiegi aldendu bere azken inkestakoengandik. Adibidez, hamar enpresatatik zortzik uste dute oraindik egoera normala dela edo susperraldikoa. Hala ere, patronalak «enpresa zaintzera» deitu ditu «administrazioak eta sindikatuak», enpresa osatzen duten guztiak bezalaxe: «jabeak, zuzendariak eta langileak».

Adegik azaldu du %20ra iritsi direla ekonomia atzeraldian dagoela uste duten Gipuzkoako enpresariak, baina %80 dira oraindik egoera normaltzat jotzen dutenak edo susperraldia ikusten dutenak. Enpresen %15ek aurreikusten dute, gainera, langile kopurua handituko dutela. Apirilean, ia %25 ziren, eta jaitsi egin da portzentajea, baina %17 besterik ez dira lantaldea murriztuko dutela uste dutenak. Dena den, enpresen fakturazioaren igoerak indarra galdu du azken hilabeteotan eta eskaera mailak atzera egin du (-%4)

Horiek horrela, Adegik garbi esan du oso erne begiratu behar zaiola etorkizun hurbilari: «Gogorra izango da». Eta, horregatik, enpresak babesteko dei egin du, «inoiz baino gehiago». «Haien iraunkortasuna babestu behar dugu, gizartearen aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortzeko ordezkaezinak direlako», esan du Adegiko zuzendari nagusi Jose Miguel Aierzak. «Enplegua bermatzeko», jabeekin eta zuzendariekin batera lan egiteko esan die langileei. Uste du enpleguari egungo mailan eustea ez dela posible izango «sakrifiziorik eta ahaleginik gabe».

Argilunak enpleguan

Hain zuzen, enpleguari buruz ere dudaz beteriko usteak aurreratu ditu Adegik: «Badirudi enpleguaren sorrera moteldu egin daitekeela, batez ere industrian, merkataritzan eta ostalaritza zerbitzuetan». Baina 2022an, Gipuzkoan, aurreko urtean baino 5.000 enplegu garbi gehiago sortuko direla uste du patronalak.

Itunpeko soldatak inflazioaren oso azpitik handitzen ari dira, eta, galdetuta ea langileak ez ote diren jada sakrifizioa egiten ari, Aierzak baietz erantzun du: «Hori sakrifizio bat da, bai: egia da». Eta jarraian erantsi du enpresen jabeak ere egiten ari direla bere sakrifizioa, «errentagarritasun marjinak asko txikitu direlako, adibidez». Enpresen %52an, izan ere, errentagarritasun horrek behera egin du: %44k eutsi egin die marjinei; eta soilik %3k ikusi dute irabazien tartea handitzen.

Errentagarritasun marjinaren apaltzea, lehengaietan eta energiaren horniduretan eta prezioetan bilatu behar da. Gipuzkoako enpresarien «kezka nagusia» da une honetan ez alferrik. Hamarretik zortzik aipatzen dute energia kezka iturri nagusi gisa; industriaren alorrean, berriz, hamarretik bederatzik kokatzen dute lehen arazo gisa.

Lan kostuak dira kezkarik handienetan bigarrena Gipuzkoako enpresentzat: soldatak, alegia. Joan den urtearekin alderatuta, «nabarmen» handitu da soldata igoeraren kezka, Adegik esan duenez. «Azken hamarkadako ziurgabeena eta konplexuena da Europako testuinguru geopolitikoa eta ekonomikoa», esan du zuzendari nagusiak, eta testuinguru hori batik bat «ekonomiarekin zerikusirik ez duen faktore baten mende» ikusten du: «gerra».­

Alemaniaren itzala

Beraz, gaur arte enpresek eutsi egin diete gutxi gora-behera pandemia osteko berrindartzeari, baina datozen hilabeteek beste agertoki bat ekar dezakete, eta horrekin kezka bizia dauka Gipuzkoako patronalak. «Zain ditzagun enpresak eta enpresariak», errepikatu du Aierzak: «Zorigaiztoko garai nahasi hauek gainditzea lortuko dugula guztiz sinesten dugu. Garai oso gogorra izango dira, eta, haiek gainditzeko, batera aritu behar dute enpresetan lan egiten dutenek, sindikatuek, administrazioek eta gizarteak».

Hain zuzen, administrazioei egin die eskaera bat Adegiko presidente Eduardo Junkerak: «Zuzeneko laguntzak enpresentzat beren energia faktura ordain ahal dezaten, Alemanian hartu duten neurriaren antzera». Berlinek 200.000 milioi euroko laguntzak prestatu ditu; «Europako funtsetatik Espainiak jasoko duena baino gehiago» dela gogorarazi du Junkerak: «Ukrainako gerra dagoen bitartean egoerak okertzen jarraitzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.