Homofobia

Bi emakume epaitu dituzte eraso homofoboengatik Nafarroan

Emaztekietako baten arabera, berak 'maritxu' hitza lagunarteko adierazpen gisa erabiltzen du

Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudia. VILLAR LOPEZ / EFE
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 7a
16:48
Entzun

Bi emazteki epaitu dituzte gaur Nafarroan, joan den urtarrilean Zizur Txikiko (Nafarroa) jatetxe batean bikote homosexual bat iraintzeagatik. Emakumeetako batek ez deklaratzea erabaki du, eta bertzeak adierazi du gertatutakoa «gaizki ulertu» bat izan zela. Berak maritxu hitza lagunarteko adierazpen gisa erabiltzen duela erran du –alegia, mutil edo lagun hitzen sinonimo gisa–.

Biktimetako batek ere deklaratu du epaiketan. Adierazi duenez, akusatuen ondoko mahaian eseri ziren, eta bere bikotekideak muxu bat eman zion. Jarrian, emaztekietako batek ozenki erran zuen esaldi hau: «Begira nola musukatzen diren, maritxuak dira». Beranduago, jatetxeko zerbitzariek emakumeei adierazi zieten gainerako bezeroak molestatzen ari zirela. Hala, biktimetako batek tonua jaisteko eskatu zien «modu onean». Eskaria entzun bezain pronto, ordea, emakumeek «maritxuak» eta «zoritxarrekoa» eta halako hitzekin erantzun zioten.

Biktimak azaldu duenez, hitzok entzutean, mahaitik altxatu eta «homofoboak» zirela erran zien, gainerako mahaiek emaztekien jarrera gaitzesten zuten bitartean. Emaztekiak jatetxetik joan baino lehen erran zien barkamena eskatzeko «asmorik ez zuela» eta mutilak homosexualak izatea ez zela haren «errua». Enpresako arduradunak ere deklaratu du, eta adierazi du inoiz ez duela halakorik ikusi. Egoera ikusita, fiskaltzak urte bateko eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du emakume bakoitzarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.