Arrantza

Indarrean dago laurehun metrotik behera arrantzatzeko debekua

Ondarroako bi arrasteontziri zuzenean eragingo die Europako betoak. Hondoko arrantzaren aurkako legea zertxobait arindu du laurehun metroko mugak.

Arrantzaleak, Ondarroako portuan. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko urriaren 10a
10:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzak uste zuen Europako debekua iritsi aurretik zientzia alorreko helegite guztiak aztertuko zirela, baina Europako erakundeek erabaki dute atzotik ezartzea hondoko arrantzarako betoa, eta Ondarroako bi ontziri bete-betean jo die esperotako arau horrek. Lege berriak Itsaso Atlantikoko 87 arrantza eremutan debekatzen du hondoko arrantza, eta Kantauriko arrantza eremuei ere eragiten die; horietatik 41, ordea, debekutik kanpo utzi ditu, eta 46 eremuri eragingo die debekuak.

Azken orduko aldaketa horrek zertxobait arindu du debekua, Ondarroako arrantzaleek onartu dutenez. Laurehun metro arteko sakonera arte arrantza egitea libre izango da oraindik ere, eta, horri esker, arrantzan jarraitu ahal izango dute bi arrantzontziek.

Baina hala arrantzaleek nola Eusko Jaurlaritzak aurreikusi dute arazoak sortuko dituela ingurumena babestea helburu duen neurri berriak. Izan ere, euskal ontzidian modu tradizionalekoak dira arrantzontzi gehienak, baina Galizian, esaterako, sare pelagikoekin aritzen diren ontzi ugari daude, eta haientzat konplexuagoa da debekuaren agertoki berria. Arrantzarako eremu tradizional ugari itxi zaizkie bat-batean, 46 Atlantiko osoan, eta beste eremu batzuetara joan beharko dute jarduerarekin jarraitzeko. Arazoa da Euskal Herrikoek eta Kantauriko beste arrantzale batzuek ere gauza bera egin beharko dutela, ez bakarrik Galiziakoek. Lehia handituko dela aurreikusi dute denek. Alegia, beharbada ez dela egongo arrantza eremu nahikorik denentzat, kontuan hartuta sareak ezingo direla laurehun metro baino beherago sartu.

Espainiako Gobernuak helegitea jarri dio Europako debekuari, «segurtasunik eza juridiko handia» eragiten duelako. Izan ere, ez da batere erraza izango jakitea laurehun metrotik behera egindako arrantza den ala ez, eta erabakitzea legea urratu ote den. Oraingoz, ordea, garbi geratu dena da joko arauak aldatu egin direla arrasteontzientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.