Ardoa

Jaurlaritzak «errespetua» eskatu du Arabako upategien erabakien inguruan

Tapia sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela «inolaz ere» Errioxaren aurka egin Arabako Mahastiak sor-marka baimenduz.

Arabako errioxo upategi bateko langileak. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 20a
13:01
Entzun

Eusko Jaurlaritzak «errespetua» galdegin du euskal administrazioek eta Arabako Errioxako upategiek hartzen dituzten erabakien inguruan, Arabako Mahastiak sor-marka berriarekin bat egitearen aldekoak direnei zein Errioxa jatorrizko deiturarekin jarraitu nahi dutenei, eta auzia eztabaida politikotik kanpo uzteko eskatu du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azpimarratu du Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) «legezkotasuna» bete duela marka propioa sortzeko, eta hori egiteko «legitimazio osoa» duela. Era berean, izen horrekin bat egitea «borondatezkoa eta librea» dela adierazi du.

Lehenik komunikabideei eginiko adierazpenetan eta gero ohar batean, sailburuak nabarmendu du Jaurlaritzak «erantzukizunez» jokatu duela, eta azaldu du ABRAk 2016an egindako eskaera «teknikoki eta juridikoki aztertzeko betebeharra» zuela. «Eusko Jaurlaritzak dokumentazioa modurik egokienean izapidetu besterik ezin du egin; Madrilera bidali du lehenengo, eta Madrildik Bruselara bidali dute gero».

Tapiak berretsi du Jaurlaritzak ez duela aukera baten alde egin, eta adierazi du upategi guztiek eta haien erabakiek gobernuaren «errespetua merezi» dutela. «Guretzat guztiak dira garrantzitsuak, gure produkzio sarearen parte dira, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa, laguntza eta lankidetza izango dute, erabaki bat hartu edo beste bat hartu, izaera pribatuko erabakia baita, eta haiek dira arriskatzen direnak».

Errioxa sor-markaren gobernu kontseilua ostiralean bilduko da, ekintza legalak aztertzeko. Tapiak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak ez du Errioxa jatorri deituraren aurka jokatu, «inola ere ez». Adierazi du Jaurlaritzak eta «Arabako Errioxak» izendapenaren barruan jarraitzearena alde egin dutela beti, baina marka berezi batekin, eta gogoratu du Errioxa sor-markaren gobernu kontseiluan erabaki batzuk hartu direla ildo horretan, «baina ez direla ehuneko ehun bete». «Lanean jarraituko dugu gure mahastien bereizketa ahalik eta egokiena izan dadin, baina horrek ez du eragozten izendapen horretatik atera nahi duten beste upategi batzuei ere estaldura ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.