Nafarroako Gobernuak Janari Gutxiago Alferrik Galtzeko 2022-2027ko Agenda onartu du

Agendaren helburua etxeetan eta produkzio kateetan sortzen diren elikagai hondakinak murriztea da

Itziar Gomez kontseilaria Agendaren aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 2a
15:23
Entzun

Janari Gutxiago Alferrik Galtzeko 2022-2027ko Agendaren helburua da etxeetan eta produkzio kateetan sortzen diren elikagai hondakinak murriztea. Gaur onartu du Nafarroako Gobernuak. Zehazki, asmoa da pertsona bakoitzak sortzen dituen hondakinak erdira murriztea 2023rako –2020. urtea erreferentzia bezala hartuz–; baita 2023rako produkzio kateetako hondakinak %20 murriztea ere, 2020. urtearekin alderatuz.

Helburu horiek lortzeko, Agendak dio garrantzitsua dela erosketak egiteko orduan ohitura onak hartzea, eta erosi beharrekoa aldez aurretik antolatzea. Gainera, sei alorretan banatutako zenbait jarduera planteatu ditu: ezagutza sortzea; sentsibilizazioa, formakuntza eta dibulgazioa; ohitura onak sustatzea eta ildoen garapena; agente gakoekin akordioak; marko normatiboaren eta fiskalitatearen egokitzapena; ikerketa eta berrikuntza. Sei alor horien barnean hamabost ekintzaplanteatu dira.

Agendan diotenez, planteatutako helburuak erdiesten diren ala ez ikusteko, urtero eginen da azterketa. Agendak sei urte iraungo du, eta amaitzen denean, hura luzatzeko edo berrikusteko aukera egonen da. Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaldu du Agenda «estrategia berritzailea» dela Nafarroarendako. «Elikadura hondakina murriztea ingurumen, ekonomia, etika eta gizarte erronka da, eta, gainera, guztiontzako trantsizio bidezkoagoa lortzea du helburu», gehitu du Gomezek.

Elikadura hondakina

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Nafarroan hiru elikagaietatik bat hondatzen da. Urte bakoitzeko, 115.000 elikagai tona botatzen dira zaborretara, eta horien %42 etxeetan hondatzen dira. Fruta, barazkia, eguneko ogia eta esnea dira gehien hondatzen diren elikagaiak, hurrenez hurren.

Egoera ikusita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Sailak eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa elkarteak kontzientziazio kanpaina bat antolatu dute Erosketak ez planifikatzea garesti ordaintzen dugu izenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.