ETXEGABEAK

Etxegabetasuna deuseztatzea helburu duen mozio bat onartu dute Nafarroan

Etxebizitzaren puntuak sortu du eztabaida gehien; EH Bilduk Alderdi Sozialistari eskatu dio «autokritika» egiteko

BERRIA. EKAINEAN ETXEGABEEN ALDE KALEAN LO EGIN ZUTEN HAINBAT PERTSONEK IRUñEAN.
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 3a
12:32
Entzun

Etxegabetasuna desagerrarazteko politika publikoak bultzatzeko mozio bat onartu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Alderdi Sozialistako Arantza Biurrunek aurkeztu du, eta gogorarazi du pandemiak nabarmen eragin duela kalean bizi diren pertsonen egoeran, baina nabarmendu du arazoa lehenagotik datorrela, eta haren larritasuna azpimarratu du: «Etxegabetasuna pobreziaren eta bazterketaren adierazpen gorena da, 2030 Agendaren helburuekin bateraezina». Hori dela eta, aldarrikatu du «arazoaren kudeaketatik harago» iristen diren politika publikoak bultzatu behar direla.

Horrela, mozioaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu dio etxegabetasuna desagerrarazteko politika publikoak bultzatzeko. Batetik, galdegin dio tokiko entitateekin eta etxebizitza eta gizarte zerbitzuekin «kooperazio eremuak» bultzatzea, «politika publiko eraginkorrak» egiteari begira.

Bide horretatik, proposatu du etxegabetasuna desagerrarazteko helburua duten programetan etxebizitza eskaintza areagotzea, eta baita Foruzaingoari prestakuntza berezitua ematea kalean bizi diren pertsonei arreta emateko. Azkenik, Gobernuari eskatu dio protokoloak egokitzeko, «etxebizitzarik gabeko pertsonak babes sozialeko sistemara irits daitezen».

Etxebizitzaren auzia

Etxebizitza aipatzen zen puntuan izan da eztabaidarik handiena. Izan ere, EH Bilduko Patricia Peralesek zuzenketa bat ezarri dio mozioari, eta Biurruni eskatu dio «autokritika» egiteko arlo horren inguruan. Gogorarazi du etxebizitzarako eskubidea bete beharreko baldintza bat dela, eta azpimarratu du oinarrizko arazoa dela hori etxegabetasunaren auzian. Alderdi Sozialistak, ordea, ez du emendakin hori onartu.

Geroa Baiko Isabel Aranburuk ere beste emendakin bat aurkeztu du, eta bertan, adierazi du mozioaren puntuek «lotura» falta dutela haien artean, eta «planifikazio integral bat» beharrezkoa dela esan du. Hain zuzen, proposatu du etxegabeen arreta eredua aztertzea, beste herrialde batzuetakoarekin alderatzea, eta eragile sozialekin biltzea, proposamen oso bat lortu eta hura ezartzeko. Emendakin hori onartu du Alderdi Sozialistak.

Parlamentuko alderdi guztiek bozkatu dute mozioaren alde, etxebizitzaren puntuan izan ezik —EH Bildu abstenitu egin da—, eta Geroa Baik aurkeztu eta Alderdi Sozialistak onartu duen azken puntuan ere aurkako zazpi boto eta abstentzio bat izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.