ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

GuraSOSek manifestaziora deitu du Zubietako erraustegiaren aurka

Errauste planta ixteko eskatu dute, eta «kontrol demokratiko zorrotza» egiteko ere bai. Hainbat eragile eta norbanakok babestu dute deialdia.

Joxemari Izeta GuraSOSeko lehendakaria eta Joseba Belaustegi, elkarteko kidea, GuraSOSek pasa den astean Usurbilen egindako agerraldian. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 9a
14:19
Entzun

Azaroaren 27rako manifestaziora deitu du GuraSOSek, beste hainbat eragileren babesarekin, Zubietako erraustegia ixteko eskatu eta «kontrol demokratiko zorrotza» aldarrikatuz. Donostiako Kursaaletik hasiko da, 12:00etan, Orain bai, gelditu! Elkarrizketa konponbidea lelopean. Horrez gain, hurrengo asteetan «atxikipen gehiago lortzeko kanpaina bat» abiatuko duela esan du GuraSOSek, eta hezkuntza arloan ere «eztabaida pizteko proposamena» egingo duela. Dagoeneko, babes zabala jaso du deialdiak; besteak beste, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak eta Ulia eta Gros auzoko bizilagunen elkarteak batu dira.

Gaur egin duten agerraldi batean aurkeztu dute deialdia, eta adierazi dute erraustegia egin baino lehen ere «Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabala» kezkatuta ageri zela proiektuarekin. Era berean, gogorarazi dute agintariek bi gauza agindu zituztela erraustegia eraiki aurretik: «Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko» eta «kutsadura parametroak betetzen ez baziren erraustegia gelditu egingoko zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko».

Salatu dute baldintza horiek ez direla bete, eta horrek zenbait arazo ekarri dituela: «Suteak noiznahi; transformadore nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin». Izan ere, azaldu dute erraustegian ez dutela labea eteteko sistema automatikorik jarri kutsadura atzematen denerako. Horrez gain, Arkaitzerrekan, airean eta inguruko lurretan agertu den kutsaduraren larritasuna ere azpimarratu dute.

«Oso kezkatuta»

Arazo horiei, azken asteetan piztu den kezka gehitu zaio, GuraSOSek salatu baitzuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak kutsatutako ur hori Zurriolako hondartzara isurtzeko asmoa zuela. Hori dela eta, gizarteko zenbait eragile eta norbanako «oso kezkatuta» daudela adierazi du, eta «kutsadura arazo larri horien jatorria» identifikatu eta konpondu arte hondakindegia ixtea galdegin du. Horrez gain, «kontrol demokratiko zorrotza» ere eskatu dute: «Agintariek emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu».

Deialdia egiteko bideo bat ere zabaldu dute sare sozialetan:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.