QATARKO MUNDUKO KOPA

Sufritu gabe egin du aurrera Argentinak

Argentinak 0-2 menderatu du Polonia, eta bi selekzio horiek sailkatu dira C multzoan. D multzoan, berriz, Frantziak eta Australiak egin dute aurrera.

Argentinako jokalariak, Poloniari sartutako bi goletako lehena ospatzen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 30a
22:09
Entzun

Atseden har dezatela argentinarrek. Oraingoz, bederen, Argentinak final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko du eta. Saudi Arabiaren aurkako partidaren ostean isuritako malkoak ahaztuta geratu dira Poloniari irabazita (0-2). Beste Munduko Kopa bat hasiko da orain Leo Messiren selekzioarentzat.

Aise menderatu dute Polonia, ia sufritu gabe. Hasi eta buka nagusi izan dira hegoamerikarrak. Hainbeste, markagailua motz gelditu baita. Alexis McAllisterrek eta Julian Alvarezek sartu dituzte bigarren zatian Argentinaren golak, lehen zatian Messik penalti bat huts egin ostean. Era berean, emaitza nahikoa izan zaio Poloniari sailkatzeko.

Lehen zatia borobiltzeko gola baino ez zaio falta izan Argentinari. Lionel Scaloniren taldeak erritmo bizia eman dio partidari, eta oso atzean sarrarazi du Polonia. Robert Lewandowski, esaterako, ez da agertu ere egin. Poloniarrek, ordea, oso ondo defendatu dute euren area ingurua, eta argentinarrei kosta egin zaie gol aukera argiak sortzea. Area ertzetik askotan ahalegindu dira, eta, erdiraketa mordo bat egin arren, saririk ez.

Marcos Acuñak eta Julian Alvarezek izan dituzte Argentinaren aukera onenak, harik eta epaileak, VAR-aren laguntzarekin, Wojciech Szcezsnyk Leo Messiri egindako penalti zalantzagarria adierazi duen arte: erdiraketa batean, Messik buruz errematea egina zuenean, Szcezsnyk Argentinako kapitaina aurpegian jo du eskuarekin. Messik jaurti, eta Szcesnyk gelditu. Jokatu dituen bost Munduko Kopetan hiru penalti jaurti ditu, eta bakarra sartu. Mamuak bueltan. Atsedenaldira, 0-0.

Atsedenalditik bueltan, lehen jokaldian, Argentinak markagailura eraman du joko zelaian erakutsitako nagusitasuna. Nahuel Molinak erdiraketa egin du eskuin hegaletik, eta area barruan, Alexis Mac Allisterrek, bakarrik, baloia sareetara bidali du. Hurrengo jokaldian, baina, gutxigatik ez du Kamil Glikek berdinketaren gola sartu. Julian Alvarezek eman die argentinarrei erabateko lasaitasuna 69. minutuan, Enzo Fernandezen pase on bat aprobetxatuta: 2-0. Markagailuari eusteko are atzerago sartu dira poloniarrak, eta Argentinak barkatu egin du. Markagailu horrekin amaitu da partida.

Multzoko beste neurketan, Mexikok 1 eta 2 menderatu du Saudi Arabia, baina ez da nahikoa izan multzoen fasea gainditzeko. Golen aldea behar izan da nor sailkatzen den erabakitzeko, nahiz eta, tarte luze batez, txartel horiei begira ere izan diren bi selekzioak. Sei punturekin amaitu du Argentinak, eta laurekin berdinduta bukatu dute Poloniak eta Mexikok, hurrenez hurren. Azkena Saudi Arabia izan da.

Danimarka, etxera

Goizago, arratsaldeko lauretan, jokatu dira D multzoko azken bi neurketak. Frantziak ziurtatua zuen multzoburu amaitzea, eta beste hiru selekzioen artean zegoen bigarren postua. Azkenerako, Australiak egin du aurrera, Danimarkari 1 eta 0 irabazi eta gero. Tunisiak ere berea egin du, Frantzia 1 eta 0 menderatu baitu, baina Australiak ez irabaztea ere nahitaezkoa zuen. Tarte batez baino ez dira afrikarrak sailkatuta egon, Whabi Khazrik gola sartu duenean, baina berehala iritsi da beste neurketan Mathew Leckie australiarraren gola. Bestalde, Christian Eriksenen Danimarka izan da multzoko dezepzio nagusia: multzoko azkena izan da, puntu bakarra eskuratuta.

Hala, beste bi final zortzirenetako kanporaketa erabakita geratu dira: Argentinak Australia izango du arerio, eta Frantziaren aurka neurtuko ditu indarrak Poloniak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.