Bizkaiko Metalgintza

FVEMek «xantaia estrategia» uzteko eskatu die sindikatuei

«Beren interes propioengatik» ez balitz, dagoeneko akordio bat legokeela nabarmendu du patronalak. ELAk greba mugagabea proposatu du.

Bizkaiko metalgintzako grebaren aldeko itsasgarri bat, FVEM patronalaren egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 2a
12:33
Entzun

FVEMek Bizkaiko metalgintzan deitutako greba astearen «oihartzun txikia» azpimarratu du. Patronalaren arabera, ostiral honetan erantzuna %15ekoa izan da, eta hiru enpresatik bi normal-normal ari dira lanean. Salatu duenez, «leku zehatz batzuetan» piketeek istiluak eragin dituzte.

FVEMen arabera, mobilizazioek erakusten dute sindikatuek eta «haiek ordezkatzen dituztela dioten pertsonek» pertzepzio desberdina dutela patronalak mahai gainean jarritako proposamenei buruz. Hala, greba egunak «guztiz alferrikakoak» izan direla ziurtatu du, eta sindikatuei leporatu die langileen interesen alde baino gehiago hauteskunde sindikalei begira aritzea.

FVEMek azaldu duenez, bere azken proposamenak %14ko soldata igoerak jasotzen ditu 2022-2025ko aldirako: % 6,5koa 2022rako, %3,5koa 2023rako, %2,5koa 2024korako eta %1,5koa 2025erako; soldata berrikuspena, KPI metatua handiagoa bada, eta «eduki koherenteak ditu berriki sinatutako metalaren arloko beste hitzarmen batzuekin». «Hitzarmen bat beharrezkoa da, baina ezin da enpresen lehiatzeko gaitasuna arriskuan jarri; errealista izan behar du, egungo krisi egoerarekin bat etorriko dena».

Patronalak salatu du sindikatuek «xantaia estrategiarekin» jarraitzen dutela, eta dinamika horrek ez duela ahalbidetuko «sektoreko langileek merezia duten eta dagoeneko gozatzen ariko liratekeen akordioa» lortzea.

ELA, mugagabearen alde

Sindikatu guztiek bat egin dute aste honetako greba deialdiekin. Eta gaur manifestazioak egin dituzte Bilbon. ELA bere aldetik mobilizatu da. Komunikabideetara bidalitako ohar batean adierazi duenez, patronalak negoziazio mahaian planteamendu berberekin jarraitzen badu, hurrengo urratsa greba mugagabea deitzea izan beharko litzateke.

ELAk «zoriondu»egin ditu aste honetan «borrokatzea» erabaki duten langile guztiak. «Eman duten mezua argia izan da: FVEMen azken eskaintzaren aurka agertu dira aurrez aurre, eta patronalak egindako planteamenduak nabarmen hobetu nahi dituzte».

CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuak ere manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.