Ardoa

Jaurlaritzak helegitea jarriko du Errioxako mahastien esklusibotasunaren aurka

Errioxako kontseilu arautzaileak Arabako Mahastiak sor-marka berriarentzat produzitzea debekatu nahi die beretzat lan egiten duten upategiei.

Langile bat mahatsa biltzen, Arabako Errioxako upategi batean. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 2a
14:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak esan du «sakon» aztertzen ari dela mahastien esklusibotasuna blindatzeko Errioxa jatorri markak bere estatutuetan egin duen aldaketa, eta horren aurka helegitea jarriko duela berretsi du. Aldaketa horren arabera, Errioxa jatorri izeneko ardoentzat mahastiak dituzten upategiek ezingo lukete Arabako Mahastiak sor marka berriarentzat produzitu.

Erabaki hori hartu zuen Errioxako ardoaren kontseilu arautzaileak Eusko Jaurlaritzak sor-marka berriari behin-behinean aritzeko baimena eman eta gero. Duela bi aste Espainiako Gobernuak aintzat hartu zuen eskaera, eta helegiteak aurkezteko aukera zabaldu zuen.

Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak berretsi du gobernuak alegazioa aurkeztuko duela, eta hori oinarritzeko azterketa bat egiten ari dela Errioxako kontseilu arautzailearen erabakiak Arabako ardo ekoizleengan izan dezakeen eraginari eta kalteei buruz.

Tapiaren arabera, estatutuetan eginiko aldaketa «zuzenbidearen aurkakoa da, diskriminatzailea eta justifikatu gabea». Sailburuak argudiatu duenez, mahastien esklusibotasunak «enpresen erabakitzeko eskubideari» eta upategiek «jatorri deitura batean, bestean ala bietan egoteko duten enpresa askatasunari» eragiten die. «Gure mahastizainek beren enpresarekin zer egin nahi duten erabakitzeko eskubidea dute», azpimarratu du.

Tapiak ziurtatu du Jaurlaritzak hasieratik ideiak oso argi izan dituela, eta lau printzipio hauetan laburbiltzen dela: legea betetzea, errespetuz eta erantzukizunez jokatzea, erakundeen eta enpresen erabakiak onartzea eta besteen erabakien zilegitasuna aitortzea.

EH Bilduko legebiltzarkide Itxaso Etxebarriak txalotu egin du Jaurlaritzak helegitea aurkezteko erabakia hartu izana, baina Arabako Mahastiak izena sortzeko prozesua ez duela behar beste erraztu leporatu dio. Araban eztabaida sortu du gaiak. PP eta PSE-EE aurka daude, EH Bildu alde, eta EAJ zatituta dago; hala ere, jeltzale guztiek eskatzen dute errespetua urratsa egin nahi dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.