POBREZIA

«Banku batean lo eginen zenuke?»

Udal aterpearen aurrekontua 100.000 euroan murriztu ostean, diru hori bandera batean gastatu izana leporatu diote zenbait gizarte eragilek Iruñeko Udalari

jarraia221562.jpg
Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 3a
16:43
Entzun

Euria ari du Iruñean. Elur maila 600 metro ingurura jaitsiko da asteburuan, eta tenperaturek behera eginen dute datozen egunetan, haize hotz zakar batek hauspotuta. Baldintza makurrak izanagatik ere, zubi baten azpian, kutxazain automatiko batean edo kaleko banku batean lo egin beharko dute pertsona askok egunotan.

Errealitate hori salatzeko, protesta ekintza egin dute Mugak Zabalduz karabanak eta beste zenbait gizarte eragilek Iruñeko udaletxe plazan: panpin bat etzanda jarri dute plazako bankuetako batean, Nafarroako bandera batekin estali eta kartoi xaflatan idatzitako mezuak jarri dizkiote inguruan: «Hemen lo egin nahiko zenuke?», «100.000 euroko murrizketa aterpean» eta «zenbat balio du bandera batek?» irakur zitekeen.

Izan ere, elkarteek salatu dutenez, Iruñeko Udalak 100.000 euro murriztu du udal aterpetxearen aurrekontua, eta aldiz, diru hori baino gehiago —178.000 euro— gastatu du Foruen plazan jarri duten Nafarroako bandera erraldoiean. «Banderarik handienak eta garestienak ere ezin du errealitate hau ezkutatu. Nazkatuta gaude baliabiderik ez dagoela entzuteaz. Oso erraza da 100.000 euro lortzea bandera baterako; hain zuzen ere, Iruñeko Udalak duela gutxi udal aterperako aurrekontutik murriztu dituen 100.000 euro horiek».

Sei puntuko proposamena

Iruñeko Udalari ez ezik, eragile sozialek Nafarroako Gobernuari eta gainerako udalei ere kritika egin zieten: «Udalek eta Nafarroako Gobernuak etxebizitza edo bizitokia ukatzen diete pertsona askori, baita hotza eta euria egiten duenean ere, aste hauetan bezala. Nahita edo eskuduntza faltaren aitzakiarekin, udalak eta gobernuak auzokide hauek behartzen dituzte kalean bizitzera, ahalik eta lasterren Iruñetik edo Nafarroatik alde egin dezaten».

Egoerari buelta emate aldera, «gizarteratzea eta eskubideak bermatuko dituzten politikak» galdegin dizkiete erakundeei, eta sei puntuko proposamen zehatza egin diete:

1. Premiazko neurriak abiaraz ditzatela, etxebizitzarik ez duten pertsonentzat baliabideak sortzeko eta bermatzeko, sarbideko aurre-baldintzarik eta bazterketarik gabe.

2. Arreta emateko irizpide komunak eta jarraibide publikoak ezar ditzatela, etxebizitza eskuratzeko arazoak dituzten pertsona guztiei arreta egokia eskainiko zaiela bermatzeko.

3. Etxebizitza parke publikoaren, etxebizitza babestuaren eta alokairurako laguntzen sustapenaren politika ezartzea, eta programa horietarako sarbidea bermatzea.

4. Etxebizitzaren araudia familien errealitate sozioekonomikora eta juridikora egokitzea, diskriminaziorik gabe eta pertsona guztiak sartzeko baldintza berdinak ziurtatuz. «Oztopo administratiboak eta digitalak ezabatzea, alegia».

5. Alokairuen prezioa arautzea.

6. Bizileku alternatibarik bermatzen ez duen edozein etxegabetze debekatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.