Futbola

Alavesek irabazi egin du, eta Athleticek eta Realak, berriz, galdu

Arabarrek 2-0 irabazi diote Sevillari. Zuri-gorriek 1-0 galdu dute Betisen aurka, eta txuri-urdinek 3-4 Levanteren kontra.

Nerea Eizagirre baloiarekin, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 11
21:28
Entzun

Euskal taldeentzat, Lehen Mailako hamabigarren jardunaldian albiste txarrak gehiago izan dira onak baino: Alavesek bakarrik lortu du garaipena, sailkapen nagusian hiruetatik okerren doan taldeak. Sevillari irabazi dio 2-0. Athleticek eta Realak, berriz, aurkari zuzenen aurka galdu dute; hurrenez hurren, Betisen (1-0) eta Levanteren (3-4) aurka.

Alavesek azkar bideratu du Ibaian jokatu den partida: lehen 12 minutuetan sartu ditu neurketako bi golak. Lehenengoa, hirugarren minutuan Ane Mirenek; bigarrena, penaltiz, Miriam Dieguezek. Lehen minutu horietan jokoan ere nagusi izan dira arabarrak, eta lehen zatiko azken minutuetara arte ez du aukera askorik izan Sevillak. Bigarren zatian aurrepauso bat eman dute bisitariek, baina ez dute golik lortu.

Athleticen porrota mingarria izan da. Batez ere, jaso duen gola, neurketa bakarra, sahiesteko modukoa zelako. Eunate gaizki jo du baloia, Laura Morenok ahal moduan errematatu du, eta baloi erraza zirudien arren, huts egin du QuiƱonesek. Azkenean, sareetan amaitu du baloiak. 60. minutua zen. Aurretik, neurketa ederra egiten ari zen Athleticeko atezaina, gol aukera gehienak etxeko taldeak izan baititu.

Realak, 3-4

Golak, eta asko, Realaren partidan ikusi ahal izan dira. Txuri-urdinentzat ere porrot gogorra izan da. Batetik, Levante aurkari zuzena delako goiko postuetan, eta, bestetik, neurketako une askotan Realak bikain jokatu duelako. Futbolean ordea, golek erabakitzen dituzte norgehiagokak. Bosgarren minutuan aurreratu dira txuri-urdinak Jensenen gol bati esker, baina zortzi minutu geroago berdindu du Levantek.

Atsedenaldiaren aurretik egin du bigarrena Levantek. Kostata, 77. minutuan berdindu du partida Gabriela Garciak, baina pozak gutxi iraun die etxekoei: minutu bat geroago egin du hirugarrena Levantek. 89. minutuan erabakita geratu da partida Ane Etxezarretak bere atean sartutako gol bati esker, eta Mirari Uria 99.ean egin du ohorearen gola.

Emaitza horiekin, hamabosgarren postuan da Alaves bederatzi punturekin, bederatzigarren Athletic hamahirurekin, eta seigarren Reala hemeretzirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.