Euskara

Elhuyarrek testu juridiko-administratiboak itzultzeko sistema aktibatu du

Hemendik aurrera, Elia sistemak proposatutako itzulpenak esaldiz esaldi editatzeko aukera ere egongo da.

Erabiltzaile bat, Elia itzultzailea testu bat itzultzeko erabiltzen. ELHUYAR
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 15a
12:21
Entzun

Elhuyarrek berritu egin du Elia itzultzaile automatikoa, eta testu juridiko-administratiboak itzultzeko sistema bat txertatu dio. «Hartara, erabiltzaileak, testu motaren arabera, sistema orokorra, orotariko testuentzakoa edo sistema juridiko-administratiboa hauta dezake», azaldu du Elhuyarrek, ohar bidez.

Ez da berrikuntza bakarra. Hemendik aurrera, itzultzaileari dokumentu osoak itzultzeko eskatzean, esaldiz esaldi editatu ahalko dira sistemak berak proposatutako itzulpenak: «Oso erraz zuzendu daitezke sistemaren hutsegiteak, zeinetako batzuk sistemak berak detektatzen baititu: zenbaki desberdinak, helbide elektroniko eta URL okerrak...», nabarmendu du.

Horrez gain, «itzulpen gidatua» egiteko aukera eskaintzen du Eliak. Sistemak proposatutako itzulpenaren gainean aldaketak egin daitezke, modu errazean: «Hitz batean klik egin, eta handik aurrerako zatirako beste proposamen batzuk zerrendatzen dizkigu».

2019ko azaroan plazaratu zuen Elhuyarrek bere itzultzaile eleaniztun automatikoa —euskara, gaztelania, frantses, ingeles, katalan eta galegoaren arteko itzulpenak egiten ditu—, eta aldian-aldian berrikuntzak egin dizkio. Urte hasieran, esaterako, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera gehitu zuen. Hartara, erabiltzaileak nahi bezala itzul ditzake hitz edo esaldi batzuk. Ekainetik aurrera, berriz, ordura arte ez bezala, ez da beharrezkoa itzultzailea erabiltzeko Elhuyarren webgunera jotzea. Erabiltzaileak norbere ordenagailuan instala dezake Elia aplikazioa, eta testu editore moduan darabilen aplikazioan aplikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.